Hainbat aburu

Herriko errota zaharra

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2022ko api. 7a, 08:51
Nuarbeko irudi bat.

Luis Gurrutxagak 2022ko martxoako Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Joan Mari Lekuonaren poeman oinarritutako Xabier Leteren Errota Zaharra kantak herriko errotaren garaietara narama. Errotaz aparte, okindegia ere bazen, eta gerra ondorengo hamarkadetan famatua izan zen bailara osoan, besteak beste, ekoizten zuen ogia oso estimatua zelako.

"Antza denez, Martirietatik etorri ziren Nuarbera gure arbasoak", diote bertan jaio eta hazi ziren Begoña eta Inma ahizpek. Beno, Epelde abizena... Azkoitia aldekoa da.

Esaten diet, umea nintzela, 60ko hamarkadan, ikaragarrizko mugimendua egon ohi zela errota inguruan. "Bai, joan-etorri handia egon ohi zen gure etxean", dio Inmak. "Pentsa, herriko apaiza ere behin baino gehiagotan gelditzen zen bazkaltzen –dio barrez– eta Marisa auzoko maestra soraluzetarrak gurean zuen bizilekua. Nolako bizipen gozoak...", erantsi du. Joanito Txistuk, morroi 12 urterekin, –"jaunartze handia egin nuenean"–, dio inguruko baserri guztietatik etortzen zirela garia edo artoa ehotzera eta errota aurrea sekulako astotegia bihurtu ohi zela hainbat egunetan: "Jabea oso umezalea zen, eta guretzat errota jolaslekua bihurtu zen. Etxe handia izanik, txoko ugari zituen ezkutaketan ibiltzeko. Beno, eta Fiat berdean nagusiarekin ogia banatzera joatea zen saririk preziatuena, ez baikenuen aukerarik izaten autoan ibiltzeko. Beste garai batzuk ziren haiek".

Istorio ugari kontatu izan dizkigute, batik bat gerra ondorengo urte beltz haietakoak, gose eskasia orokortua zenekoak. Elikagaiak oso urri zirenean eta Francok arrazionamendua inposatu zuenean, estraperloa hedatu zen gizartean, eta errotek guardia zibilen zaintza gogaikarria nozitu ohi zuten; errota edo okindegi jabeek trikimailu ugari behar izaten zituzten isunak saihesteko. "Kamioikada irin gure baserrian ezkutatu eta gero, zakuak pixkanaka ekartzen hituan Landetako okindegira", kontatu dit auzotar batek. Guardia zibilen nondik norako ibilbideak jakinik, auzoan bizikleta zuten mutikoak inguruko bidegurutzeak eta errepideak zaintzen ibili ohi ziren. Zaintzaileak... zainduak. Josemai Garin morrontzan aritu zen, eta ondo asko gogoratzen ditu urte haiek. "Eskolan Batxilergoa bukatu eta lanera 13 urterekin. Garia eta artoa ehotzera ekartzen zitean baserritarrek, eta kantitatea kontrolatzeko, guardia zibilen bisitak ohikoak hituan. Asmamena landu behar, bisiten ondorioak kaltegarriak izan ez zitezen", dio irriz.

Teknologia modernoak mekanizazio aurrerakoiak ekarri zituen, eta ondorioz, desagertu egin ziren errotak. Bai ekologikoak zirela faktoria haiek. Errotarria higitzeko ibaietako ura hartu, gerora emari berberean isurtzeko, ur kantitate bera eta gardena... Hainbat errekatan edo ibai ertzetan suma daitezke batzuk erorkin bihurtuta; beste batzuk huntzez josita, isil eta mutu; eta beste batzuk, gaitzerdi, museoko pieza bilakatuta, Loiolako Igara errota, adibidez. Idatzietan azaltzen den Gipuzkoako lehen errota Berastegikoa da, 1.141ekoa, eta Eusko Ikaskuntzak dio XIX. mendean 661 errota zeudela erroldatuta.

"Errota zahar maitea, uraren ertzean / uraren ertzean da, basati beltzean. / Negar egiten dezu, alea xehetzean /ni ere triste nabil, zutaz oroitzean".