Hainbat aburu

Udan... Tourra

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2021ko aza. 23a, 10:49

Luis Gurrutxagak 2021eko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Txiki-txikitatik izan dut "amodiozko harremana" txirrindularitza proba honekin. Gogoratzen dut, ume nintzela, uztaileko egun eguzkitsuetan, xesteroak etxe atarian otargintzan aritzen ziren bitartean, nola egon ohi ziren irratia adi-adi entzunez, batik bat mendiko etapetan. Apustuak eta eztabaidak ohikoak ziren. Nik arrebarekin izaten nuen xextra partikularra. Hura Anquetil zalea eta ni Bahamontestarra. Eta jakina... ni galtzaile! Frantziarra bost aldiz izan zen garaile, eta toledarra behin. Nerabe nintzela, helduagoekin Getariara joan ohi nintzen, Frantziako telebistan ikus zitekeelako eta kostaldera bakarrik iristen zelako seinalea. Eta Santio egunean, Ordiziako proba ikusteko irrikaz egoten ginen, Tourreko hainbat partaide entzutetsu joaten baitziren hara. Hurrengo urratsa bertara joatea izan zen, Pirinioetara. Jada soldaduska eginda, ahaztezina izan zen "heroi" haiek lehen aldiz Tourmalet igotzen ikustea. Harrezkero, lau hamarkadata pasatu dira zenbait lagun ohiko bisitari bilakatu ginenetik. Eta noski, gertatutako pasadizoak eta istoriotxoak, dozenaka.

Tourmalet igotzen txirrindulariak, eta zertxobait aurreratuta, auto andana, zuzendariekin, teknikariekin eta gonbidatu ospetsuekin. Auto batean, Anquetil! Gure aurrean ibilgailua kieto gelditu zen, itota. Aurrera ezinean, txirrindulariak gain-gainean, txapeldun handia jaitsi eta urduri guri erreguka: "S´il vous plait… poussez, poussez. Vite!". Eta lortu genuen autoa martxan jartzea. "Merçi, merçi...", esanez agurtu gintuen. Ni Anquetilen ondoan autoari bultzaka; sublimea instant hura! Lehen aldiz Luz Ardiden igo nueneko esperientzia krudela izan zen. Etapa ailegatu baino ordu batzuk lehenago, izerdi patsetan, ordurako jendea gainezka zela bide ertzean. Eta nire itxurarekin errukituta edo – txirrindulariarena baino gehiago aizkolari lodikotearena–, zaleak aupaka animoak ematen. Lainezaz puztuta, indarrak neurtzeke, bitsa ezpain ertzetan nuela, guztiz akituta iritsi nintzen mendate gailurrera. Nolako bisajea zuten lagunek ikusi nindutenean... Amorrazio galantak jasan ere bai: azkena urte honetako Tourrean. Tourmalet gainetik igaro behar genuen etxera heltzeko, eta mendatearen barrenean, gendarmeen kontrolean beste aldera pasatzeko baimena jasota, gailurrean beste kontrola, eta ezetz, ez ginela handik joango. Lasterketa handik 24 ordura zetorren, eta ezin igaro handik? Urrian zain-zain egoten gara hurrengo urteko Tourraren aurkezpena ikusteko eta berehala planak egiteko. Eta hiruzpalau hilabete lehenago, Joxe Estrak, gure taldeko nagusiak, galdetuko dit: "Hi, Luix, Lidiari –etxea alokatzen diogun jabe frantziarra– deitu al diok? Aurten lau egun ez, astebete, e!".

Bada, ordea, azpimarratu nahi nukeen kontu bat: euskaldunen presentzia lasterketa horretan; zehazki, Pirinioetatik igarotzerakoan. Noski, urte hauetan guztietan desberdina izan da zaleen kopurua. Indurainen garaian, eta zer esanik ez Euskaltelen urteetan, euskaldunek mendateetan osatzen genuen marea itzela izan ohi zen. Belaunaldi eta kolore guztietako euskaldunez osatutako marea. Bide ertzetan hainbat ikurrin ikusteak gainezka egiteko zirrara sortzen digu. Kontuan hartuta telebistari esker bost kontinenteetan milioika pertsonak ikusten dutela kirol proba, agian baliagarria da munduari jakinarazteko badela Pirinio mendebal ertzean herri bat, Euskal Herria (Basque Country) izenekoa. Eta hori bada zerbait.

Esandakoa, udan, zehazki uztailean... Tourra.