Hainbat aburu

Bernabe 'Altxasu'

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2021ko uzt. 7a, 08:17
Altxasu baserria.

Luis Gurrutxagak 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Zahartzaro oparo baten sekretua bakardadearekin tratu ondradua mantentzean datza; besterik ez". Hitz horiek Gabriel Garcia Marquezenak dira, eta esan dezaket, gure gizonak, Bernabek, hori lortua duela. 80 urte ondo beteak ditu, 1938an jaiotakoa da. Ezagutzen nuen bistaz, baina ETBko Herri txiki, infernu handi saioan ikusi ondoren, gehiago ezagutzeko interesa piztu zitzaidan. Eta bi dama xarmanti esker, parada izan nuen hitzaspertu luze bezain atseginean haren bizitzaz zertxobait jakiteko.

Bernabe bakarrik bizi da, baina ez dago bakarrik. Erdi itsuturik dagoen zakur leiala du ondoan. Dozena bat katu eta oilo mordoska lagun ditu sukaldean, bertan erruten dizkiotelarik arrautzak. Bernabe bakarrik bizi da, baina ez dago isolatua, bakartua. Bisitariak ditu noiznahi. Itxura lerdena du; ile zuri joriak eta antiojoek halako ukitu intelektuala ematen diote. Dohain berezia du bere mintzamen pausatuaz istorioak eta pasadizoak kontatzeko. "Ni Errebalean bizi nintzen, Pikuaneko gainean. Kaletar peto-petoa nintzen. Gogoan ditut umetako garaiak. Akordatzen naiz nola erabiltzen zuen zakurra egunkarien saltzaileak banaketak egiteko: hortzetan egunkaria jarri eta agindua emanez, 'halako etxera eraman', zintzo demonio entregatzen zuen enkargua. 8 urte nituela ekarri ninduten Urrestillako baserri honetara. Bertako senar-emazteek ez zuten familiarik, eta behiak zaintzeko eta abarrerako mutikoa behar zutela eta, ni ekarri ninduten. Gerra ondorengo urte haietan, nahiko ohikoak ziren horrelako kasuak". Era berean, kontatu digu Altxasu izeneko baserria nola bihurtu zen auzo eskola: bertako etxekoandrea maistra zenez, bailarako umeak nola etortzen ziren, baina erdi klandestinoki, garaiko erregimen politikoak ez baitzuen onartzen halako eskolarik. "Behin baino gehiagotan, Azpeitiko agintariek deituta joan beharra izan zuen maistrak, zertara eta auzoko baserritar baten salaketari frente egitera", dio garraztasunez. Hain osasuntsu egoteko sekretua kontatu digu: "Nik egunero... txokolatea. Ardorik ez, Gabonetan-eta balarrik. A! Eta koltxoi moderno horiek gorrotatu egiten ditut. Ez dago artilea bezalakorik, koltxoia betetzeko; ez dago".

Baserriko pasadizoak kontatzerakoan, badu bat barne-barnean tinkatuta daukan... ez arantza, baizik ezten luze eta mingarria: behi baten bahiketa jasan zuen. Nahiz eta ia 6 urte jazo, zehaztasun osoz narratu digu: "2015eko San Inazio hileko 3an gertatu zen. Iluntze hartan, lau eta erdiko San Fermin Torneoko partida jokatzen zuten Ezkurdiak eta Irujok. Ilargi betea zegoen, eta gauerdian zakur zaunkek arreta piztuta, etxe inguruan zerbait bazela jabetu nintzen. Ni irteten banaiz, kankatekoren bat hartuko diat... Hurrengo goizean jaiki, eta behia falta!". Eta zehatz-mehatz kontatu digu nolako gurutze bidea sortarazi zion lapurretak. Zenbat zentzugabekeria jasan zuen justiziaren, Ertzaintzaren eta bere defentzailearen partetik auzia gauzatzerakoan. Saminez dio, lekukoak medio, zein izan ziren bahitzaileak, baina auziaren instrukzioan eman ziren akatsak tarteko, libre gelditu ziren salatuak. Lau mila euro inguru galdu zituen, eta prozesuaren kontuekin hainbat pairatu zuenez, errezeloz begiratzen die justiziaren estamentuei.

Kale garbitzaile aritu ondoren, bi hamarkada barru, erretiroa hartu eta bakardadearekin itun ondradua eginda, zoriontsu bizi da Altxasu baserrian.

"Bernabeu ez, Ber-na-be", dio irriño bihurriarekin.