Izarraizpetik

Bidegorri berrian

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2021ko urt. 13a, 08:35

Luis Gurrutxagak 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lekuko naiz jendea zer harrera ona egiten ari zaion Urrestillatik Landetaraino doan bidegorri berriari. Bere garaian, bide hori egiteko aldarriak eta manifestazioak irmoak izan ziren. Zenbat ibiltari dabilen kontent ikusirik, kontent egon gaitezke autoritatea zein herritarrak. Eta horixe otu zait: bi kilometro laburren kontaketa idaztea, nire kontaketa partikularra. Mantso-mantso osatutako ibilbidearen narrazio xumean kontuan izan dut Yibran idazle libaniarraren esaera hau: "Bidearen berri dortokak gehiago eman dezake erbiak baino".

Hasiera goi-ordokian

Hasi eta berehala, ezkerretara, gorputz geometriko erraldoiak bailiran, oholtzar gazteluak. Atzealdean, kamuflaturik, Antxieta etxea, galant, non, besteak beste, Joan Antxietako Errege Katolikoen kapelaua eta musikagile ospetsua jaio zen. Goi-ordokitik lautadara jaitsiko gara, lehen aldiz errekarekin –Ibaieder ala Urrestilla erreka?– topo eginez.

Semaforo tentatzailea

Tentatzailea diot, zeren aurrez aurre bi jatetxerekin topo egiten duzu, eta zirikaldiak harrapatuz gero, bideari uko egin eta bertara hurbiltzeko arriskua dago. Biak dotoreak, biak ezberdinak, baina biak abegikorrak. Gu, ordea, aurrera jarraitu eta zatirik bukolikoenean sartuko gara. Ezkerrera ibaia izango dugu lagun, panpano eta haltz sendo eta garaiak, astigarrak, intxaurrondoak... Eskuinean, ondo zaindutako belardi luzexka. Gaueko ilunean magia bikoiztu egiten da argi ipotx modernoak eta errekaren ur xuxurla bidaide dituzula. Tarte honek xarma berezia du.

Bi erraldoi aurrean

Berriro ere erreka –Ibaieder ala Urrestilla?– zeharkatuko dugu, eta jira egitean, bi erraldoi gailentzen dira. Bata, milioika urtetan naturan sortua, etzanda dagoen tronparik gabeko elefante itxurarekin, ortzimuga marraztuz: Izarraitz mendizerra. Bestea, hurbil, gizakiak egina: maskotentzat ekoizten duen pentsu faktoria. Planetako zakurren eta katuen erdiak hemen ekoizten den jakiaz elikatuko dira; "milioika maskotaren jana", dio hormako leloak.

Malkortxo baserri parean, irria jausten zait ezpainetara, bertan bizi zen egoiliarraren pasadizoa gogoratuz. Nonbait, gizona hozbera samarra zen, eta neguko gau hotzetan, ohera ur botila beroa eraman beharrean, kafesnez betetako botila eramaten omen zuen, helburu bikoitzarekin: ohea berotzeko eta goizaldean iratzartzen zenean ohe epeletik irten gabe tragoa egiteko. Asmamen zorrotzeko gizona! Aurreraxeago, lorezaintzarako hamaika produktu erosteko denda; "zure natura eta inspirazio txokoa", dio horma dotorean. Bideko beste amua; "sartu eta ikusi", dio sarrerako iragarki taulak. Hurbiltzen ari gara bidegorriaren mugara. Ibaiko urak itsasoratzean barreiatzen eta nahasten diren bezala, bide hau ere galdu egiten da, norabide ezberdinak hartuz.

Jakina da urte bukaerako egunak zertan igarotzen ditugun: jan-edanean. Bada, berriro mamorroak ez bagaitu etxeratzen, badakizu non ibili, gorputzaren eta arimaren estimurako: bidegorri berrian