Izarraizpetik

Ezkiyoko biziyuek (eta II)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko aza. 2a, 08:00

Luis Gurrutxagak 2020ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Harritzekoa da Ezkioko fenomenoak halako eragin sakona eta zabala izan eta gero, horri buruz hain gutxi jakitea ondorengo belaunaldiek Euskal Herrian, Espainian eta Europako mendebalean. Arrazoia? Cristian Jr. antropologo amerikarrak azaltzen du: "Eskualdean halako lotsa kolektiboa zabaldu zen bisioekiko". Eta zera gehitzen du: "Bereziki Nafarroako eta Gipuzkoako baserrietako eta auzoetako giroko ehundaka ikusmendun familiak Ezkioko estigma jasan dute urte guzti hauetan, isiltasun osoan". Hainbat ikusmendun, Elizaren eta autoritate zibilaren aginduz, sendagileek eta psikiatrek aztertu zituzten. Horietako batzuk zigortu egin zituzten, eta beste batzuk Santa Agedako egoitzara bidali. Lotsa kolektiboa auzo lotsa eta familia lotsa bihurtu zen, finago esanda. Bestalde, Elizak bisioak gaitzestea eta zigortzea erabaki zuenean, beldurra barreiatu zen gizartean.

Kasualitatez, garaiko testigantzak jaso zituen emakumearekin egin dut topo. Aratzerrekako Ibarrola baserriko Gloria da bera, emakume prestua, ikaragarrizko memoriaren jabea. "Attek zerbait aipatzen zidan, baina amak ez zuen gogoko Ezkioko pasadizioak kontatzea; hori bai, esan zidan lehen aldiz arraza beltzeko gizakia han ikusi zuela. Hala ere, etxekoneko Markoxek kontu asko esan zizkidan".

Ohikoa zen garai haietan bertso paperak saltzea azoketan eta ferietan; bada, hona hemen Gloriak Ezkioko kontuak medio inolako zalantza izpirik gabe errezitatu dizkidan bi: "Mutil hori jaio zen Urrestil partian / lanik asko egin gabe, baserri batian / gau eta egun hor dabil, neskatxa artian / ahari hori paga leike, artalde batian". Gertuko batek zera esan zidan: "Ezkion bisio asko bai, baina bizio ugari ere bai". Antonia eta Andres, lehen ikusmendunak, berehala desagertu ziren, eta ondorengo asteetan eta hilabeteetan ehundaka agertu ziren. Horietako asko bisio politikoak ikusten hasi ziren, eta hainbat sustatzaile, aberats eta eskuin-eskuineko horretaz baliatu ziren beren helburu politiko-erlijiosoak aldarrikatzeko eta lortzeko. Ikusmendun batzuek sustatzaile horien faboreak jasotzen zituzten, eta horren harira, hona Gloriak bota zidan bigarrena: "Mutil hori azaldu zen, brusa zahar batekin / orain traje ederra, gorbatarekin / zapata ederrak ta gabardinarekin / hoiek nola egiten ditu, Jaungoikoak jakin". Beste pasadizo ugari kontatu zizikidan,baina denak ezin idatzi.

Eta Erromak ontzat eman eta bedeinkatu izan balitu ikusmenak, Ezkio Fatima edo Lurdes bihurtuko al zen? Auskalo...