Garai bateko autobus haiek...

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko uzt. 2a, 10:29
(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxagak 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Garai haietan, 1960ko hamarkadaz ari naiz, autobusetako 'eskifaia' txofer eta kobratzailez osatzen zen. Urte dezente -edo asko- ditugunotatik, nork ez ditu gogoan Azkoitiko korreoa, Tolosarako zerbitzua egiten zuena; Goiko-Errotakoa, asteazkenetan Ordiziara joan ohi zena; Autobuses Goenaga, Beixema izenez ezagunagoa, Ibaiederko auzoak lotzen zituena...

Gaur egun, ibilbidean tokian-tokian zehazturik daude geralekuak. Garai haietan, ordea, auzo artean zeuden etxe edo baserri pareetan ere gelditzen ziren autobusak. Zerbitzu herrikoiak ziren, eta txoferrak zein kobratzaileak, ia-ia etxekoak. Feeling ona zegoela, alegia, bezeroen eta haien artean. Beno, salbuespenak salbuespen.

Goiko-Errotako kobratzailea

Jesus Bastida Etxeberritxo garai hartako kobratzailea da. Egun 82 urte ditu, eta goizetako udaletxeko arkupeetako 'paisaia' osatzen dutenetakoa da. Ibilpidea ezindu samarra du; ez hala, ordea, memoria. "Ni Goiko-Errotako irin fabrikako langilea nintzen -hasi da kontatzen-. Normalean, okindegietara eta dendetara irina banatzen ibiltzen nintzen. Jabeak, fabrikaz aparte, bi autobus ere bazituen. Laneko buzoa aldatu, eta bi egunez kobratzaile lanetan aritzen nintzen. Asteazkenetan, Villafrancako azokara joan ohi ginen. Goizeko 7etan irten, Urrestilla, Nuarbe Matxinbenta, Mandubia barrena, eta 08:30ean iritsi. Ordu eta erdiko bidaia". "Baina 'kedatxoren' bat edo beste egingo zenuten, barruak hornitzeko...", diot. "Bai, bai. Matxinbentan, Izkiña tabernan, Kandelariak kafea kopaxkarekin, anisarekin, ateratzen zigun. Arratsaldean, itzulera lauretan, eta Mandubiko bentan, baxoerdia. Nuarben, Korea tabernan, eskatutako enkarguak uzten genizkion Norbertari, eta behin barrura sartuz gero... zeozer".

Garai haietan, astean behin egiten ziren erosketak. Baserritarrek beren barazki, oilo, oilasko, untxi, arkume eta abarrak eramaten zituzten garaiko ohiko garraioan: autobusean. Izugarrizko garrantzia zuen azoka egunak. Asteko bilgunea izan ohi zen baserritarrentzat zein auzotarrentzat, eta zazpi egunetan gertatutakoak elkarri kontatzeko grina autobusean bertan hasten zen. "Normalean bete egiten zen autobusa, 50 lagunentzako zen", dio Jesusek. "Pasadizoak? Puff... Bidaiariek saltzeko produktuak eta trasteak eramateko, gaina egokituta zeukan autobusak. Mandubiko mendatean behera gindoazela, barrika hutsa askatu eta albotik jausi, eta belardi maldan kiribilka, hor doa behera. Gelditu eta han joan nintzen, berreskuratzera. Beste batean, gauza bera, baina ardi batekin, eta hura galdu! Eskerrak atzetik zetorrenak ikusi eta ekarri zigun!". Mutil koskorra ni, gogoratzen diot nola jaisten zen autobusetik larruzko poltsatxoa soinean gurutzaturik zuela. "Bai, baina dirua kobratu bakarrik ez, e! Trasteak jasotzen eta jaisten lagundu eta enkargu ugari egin ere bai", dio, irribarrez. "Horretarako koadernotxoa erabiliko zenuen ba, ez ahazteko, alegia", nik. "Keba, dena hemen", berak, hatzarekin burua seinalatuz. "A! Horregatik hain memoria ona orain, orduan asko landu zenuelako". Batzuetan, pazientzia ere asko landu behar, txoferrak zein kobratzaileak. "Bai, bezero guztiak ezagutzen genituen, beren ohitura eta guzti. Alditan, iritsi etxe edo baserri parera, eta falta bidaiaria. Baina zain egoten ginen, e!".

Bastidak dio 1970eko hamarkada hasieran-edo eten zuela Goiko-Errotako autobusak Ordiziako zerbitzua. Alde batetik, gero eta jende gehiago zen autoaren jabe; eta bestetik, salerosketak egiteko gune eta modu berriak sortu ziren,, eta ondorioz, jendearen ohiturak aldatu.

Garai berriak, beste ohiturak.