Euskal migrazioak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko api. 1a, 10:01
(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxaga2020ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gaur egun pil-pilean dagoen gaia dugu migrazioena. Agian inkontzienteki, baina entzuten dugun hainbat adierazpen ikaragarriak dira. Semantikari atxikiz, ikaratzeko modukoak. "Zergatik ez dira gelditzen euren herrian? Han ere jendea gelditu eta bizi duk ba...! Laster horiek izango dituk hemengo jaun eta jabe!". Iritzi guztiak omen dira errespetagarriak, baina ez denak partekagarriak.

Historiaren hasiera-hasieratik, gizakiak batetik bestera aldatzeko joera betetzen den fenomeno bat da, mugimendu ukaezina eta apetaz ematen ez den kontua, baizik eta bizitza baldintza hobeen bila. Azken finean, denak garela migratzaileak esan ohi da.

Uholdeka Ameriketara

XIX. mendeko lehen herenean euskal migratzailea Kubara eta Puerto Ricora doa, funtsezko arrazoi batengatik: Amerikako beste herrialdeak gerretan murgilduta daude. Baina 1830etik aurrera Rio de Plata –Argentina eta Uruguai banatzen dituen ibai erraldoia– bihurtzen da helburu nagusia. Pentsa, hiru urtetan –1837tik 1840ra– 40.000 bat euskaldun sartu ziren Montevideon. 1850etik aurrera, Argentinak eta Uruguaik jarraitu zuten euskal migratzaileentzat gunerik garrantzitsuenak izaten, baina esan behar da Kuba, Peru, Venezuela eta Ipar Amerika ere jomuga hautatuak izan zirela.

XIX. mendeko azken laurdenean alderantzizko migrazioa ezagutzen da, hau da, immigrazioa. Euskaldunek jarraitzen dute emigratzen, baina epe horretan, hogei urteren barruan, Bizkaiko populazioa %47 igotzen da. Bada zerbait! Jakina da Bizkaiko industrializazioak izan zuela eragina horrelako fenomenoa gauzatzeko.

XXI. mendeko migrazioa

Azpimarratzekoa da Latinoamerikako emakumea dela egun euskal lan merkatuan eskaera nagusiena duena. Arrazoia? Zaintzarako eta etxeko lanetarako egokien moldatzen delako. Hona iristen diren latinoamerikarrek zailtasunak eta arazoak izan arren, gobernuek eskatzen dizkieten lege baldintzak betetzerakoan 'zuzenenak' dira, baita gizarteratzerakoan azkarren eta egokien moldatzen direnak ere. Datuetara joz, azken hogei urteetan %2 eskas izatetik %10 izatera pasatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta ikerketa demografikoak egiten dituzten adituek diote oso onuragarriak izan direla euskal demografiaren garapenean. 2000. urtean migratzaile gehienak europarrak baziren, egun latinoamerikarrak dira, arestian aipatu bezala.

Hasieran nioen nolako iritzi espantagarriak entzuten diren migranteez. Baina asko dira, noski, gure artean aburu desberdinak dituztenak. Horietakoa da Amets Arzallus bertsolari, kazetari eta –nik gehituko nuke– pentsalari zorrotza. Hendaiarra izanik, mugako migratzaileen zorigaiztoko joan-etorriez eta errealitateaz aski daki, eta inplikatuta dago behartsuen laguntzan. Urte hasieran Berrian egin zioten elkarrizketan dio: "Inportantea da migratzailearen eta gure artean dagoen kristal hori puskatzea".

Jakitun gara zenbat zoritxar nozitzen dituzten Mediterraneo itsasoan Europara datozen migratzaileek, urtean hildako ehunka zenbatuz. Bada, euskal migranteen joan-etorrietako bidaietan ere badaude tragediak, adibidez, Leopoldina Rosa izeneko fragataren hondoratzea. Hurrengoan...