Gregorio (eta II)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko mar. 5a, 09:20
(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxagak 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eta Bilbon zegoela, anaiek eskatuta etxera itzuli zen, gurasoak zaintzeko ardura hartuta. Bizitzari aurre egiteko, Azpeitian ingelesa, frantsesa eta latina ematen hasi zen. Eta horrela, hogei urtez.

– Hizkuntzak irakasten ez ezik, beste eginkizunetan ere aritu zinen, ezta?
– Bai, interprete lanetan. Horri esker, lurralde berriak ezagutu nituen. Besteak beste, Jordania. Jo, zer-nolako hotelak zapaldu nituen! Eta Nuarbeko sokatira taldearekin... A ze oroitzapenak... Hogeitaka tirada egin ondoren, tiralariak lur hezean etzanda, hurrengo tiradaren zain, akituta. Bitartean holandarrak oheskan, neska gaztea tiralarien ipurdi gainetan jarrita masajea ematen... Zuek orduan berri samarrak ofizioan, kar, kar, kar. A, eta grafologo lanetan ere aritu nintzen, bai. Epaiketa batean edo bestean izan nintzen, idatzi anonimoak argitzen.

Eta hogeita piku urte pasatu ondoren, 1996an, Palentziara itzuli, berriro fraide bihurtzeko! "Bai, neure burua ez nuen ondo ikusten. Bizitza desordenatua neraman. Etxean afari arina egin eta tabernara. Han lagunak zain jokorako. Edaten hasteko, gai nintzen berriro afaltzeko. Jokoan egin, eta goizeko ordubata aldera: 'Ze, orain etxera?'. Eta Zumaiara, ordu txikitan itzultzeko. Mendian ibiltzeko ezina, kristoren pisua nuelako. Analisiak egin eta kolesterola lainoetan. 'Tiene que cerrar la boquita, Gregorio', sendagileak".

Datu bitxia: bera fraideetatik irten zen garai beretsuan, hogeiren bat irten omen ziren, eta bera bakarrik itzuli. "Klaro, belarriak jaistea asko kostatzen zaigulako. Umiltasuna falta zaigu horrelakoetan". Eta gehitzen dit: "Zer uste,  banandutako asko ez liratekeela atzera bikote berarekin elkartuko?". Berriro fraide izateko ez zioten, ordea, erraztu ezertxo; oztopo ugari inposatu, bai. "Fraideek informe 'onak' zituzten nire 'ateo bizitzaz', eta bazekiten nola Erromak bidali ninduen infernura; baina Angolan eta beste lekuetan egin nituen lanez, tutik ez", dio suharki.

Palentzia utzi gogaituta, eta La Olivan, 2004an, amesten zuen fraide abitua jantzi zuen berriro. Egun, bertan jarraitzen du. Hiru urtez bidali zuten Bizkaiko Ziortza monasteriora. Han, Done Jakueko bidean, fraideek aterpetxea dute, eta Gregoriok hizkuntzak menperatzen dituenez, aproposa zen erromesak artatzeko. 44 naziotako jendea igaro omen zen aterpetxetik kargudun egon zen bitartean.

Aktore ere bai

Dituen buru argitasuna eta oroimenerako gaitasuna harrigarriak egiten zaizkit. Zazpi hizkuntzatan meza emana du. Erdi Aroko monasterioetako bizitzaz eta errealitateaz berriki hitzaldiak eman dizkie erlijiozaleei, eta mahats biltzen aritu diren langileei ardoak dituen propietateez eta onurez. Zehaztapen guztiekin azalpenak emango dizkizu elizako sarrerako frisoaz, eta harginek hormetan marraztutako ikurren esanahia argitu; edo azaldu Angolan nola sendatzen zituen riquetzia izeneko gaixotasuna zuten txahalak. Gregoriar kantuan espezializatua, 40 urte organoa jotzeke egon arren, egun bera da monasterioko organo-jotzailea. Eta gosaldu ondoren laneko arropak jantzi eta baratzera edo lorategira joango da, edo monasterioak duen dendara. Beno, aktore ere aritu da Gregorio: Loiolako Inazioren rolean, duela hiru urte pasatxo egindako filipinar filmean, Ignacio de Loyolan.

Mila esker, zure unibertso zabalean eta sakonean hegan egiten uzteagatik, eta gogoratu Einsteinen aholkua: 'paraxuta' etenik gabe zabalduta eduki, Gregorio. Oiaun baserriko Gregorio.