Gregorio (I)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko ots. 8a, 10:13
(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxagak 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Gizakiaren burua paraxut bat bezalakoa da: bakarrik funtzionatzen du zabaltzen bada” (Albert Einstein). Eta gizon honek, zalantzarik ez izan, gazte-gaztetatik izan du etengabe 'paraxuta' irekita. Baita gaur egun ere, 84 urte berriki bete dituen pertsonaia poliedrikoak. Padre Tiago Portugalen eta Angolan, Padre Santiago Palentzian, Pere Jacques Frantzian, Father James Ingalaterran eta... hemen? Gregorio, Oiaungo Gregorio. Bai, fraide baten gaineko kontaketa laburra da hau, bere bizitza oparoaren zertzelada apur batzuk. Izan ere, liburu mardula idatzi beharko genuke historia osoa kontatuz gero.

–Nolatan fraide?

–12 urte nituela, familiak Allozko (Nafarroa) moja komentura bidali ninduen erdara ikastera. Eta mojen aholkuz, 14 urte betetzear Venta de Bañosera (Palentzia, Espainia), zistertar monasteriora.

Barru-barruan gorderik dauka bidaia eta sarrera nolakoak izan ziren. "Ikatzez mugitzen zen tren geldoan, guztiz txorabiatuta iritsi nintzen. Paisaia... jo, arrea, idorra. Komentura sartu eta klaustroan... 'baina, ze usain da hau?' Klaro! Platerakoa ikusi nuenean jabetu nintzen: bi erremolatxa xerra, bi patata ale, azeitunak, letxuga, oreganoa... Auskalo nolako bisajea nuen. '¿Que, vasquito, esta triste?'. Handik ordu erdira botaka egin nuen. Gero, Afrikan ohikoa zen harrak, txindurriak eta abar jatea; baina baserriko janarekin ohituta, eta hura... buf!".

Muturreko deliberamendua

Meza berria 24 urterekin eman eta arduradunek Angolara bidali zuten, Salazar diktadorearen garaian. Aurrez portugesa ikasi zuen Lisboan, eta gurina eta gazta egiten Kantabrian (Espainia). "Itsasontzian hamasei egun igaro ondoren, sotoan eta gainaldean behiak genituela, ailegatu ginen. Han denetik egiten nuen: albaitari, argiketari, organista...". Eta Afrikan zegoela, baimena eskatu eta fraide izateari uztea erabaki zuen.

–Eta, garai haietan, 1969an diozu, zerk bultzatuta hartu zenuen hain muturreko deliberamendua?

–Gogoeta sakonen ondorioz. Ez zen bat-batekoa izan. Ez. Mundo Negro izeneko aldizkarian irakurri nuen: zenbat eta kontzientzia, askatasun, nortasun eta ezagutza gehiago eduki, orduan eta jainkotiarragoa zara, kristoagoa. Kontzientzia neurea eta ez besteena; nortasuna ez besteak nagusitzeko, ez; askatasuna ez edozer gauza egiteko, baizik eta nik neuk erabakiak hartzeko, libreki; eta ezagutza, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta libreagoa sentitzeko. Eta bat sartzen bada monasterioan 13 urterekin, ni sartu nintzen bezala, ez du izan aukerarik, adibidez, emakume bat ezagutzeko; askatasunik ez; dirurik ez negozio bat burutzeko; nortasuna garatzeko aukera gutxi; ikasketak labur... Beraz, nik osatu egin behar dut nire nortasuna, nire gizatasuna, nire izaera, esaten nion nire buruari. Erabaki zuzena zen eta derrigortuta sentitzen nintzen urratsa egitera.

–Garai haietan horrelako erabakiak astinduko zituen bada ondokoak eta etxekoak?

–Bai, bai. Oso aurkako jarrera topatu nuen, sekulakoa. Sekularizatzeko Erromari baimena eskatu nion. Frantziako eta Ingalaterrako monasterioetan pasatu nituen hiru urte, onespen zain. Hainbeste denbora pasatu eta lizentziarik ematen ez zidatenez, guztiz gogaituta, fraide izatetik irten nintzen. Eskumikatua eta iheslari deklaratua, laiko bezala egin nituen lehenengo bost urteak Bilbon igaro nituen, gozogile ogibidean.

Gregorioren erabakiak ezustean harrapatu bazituen gertukoak eta ezagunak, handik urte batzuetara hartu zuen deliberoak gehiago harritu eta txunditu gintuen. Baina hurrengoan mintzatuko gara horretaz.