Errumania

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2019ko ira. 3a, 11:29

Luis Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko abuztuko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aukera izan dut ezagutzeko, axaletik bederen, arrotz eta urrun egiten zaigun herrialde hura. Urrun geografikoki eta urrun bere ezagutzan, esango nuke. "Hi, autobusa ordainduko diat, hemengo errumaniarrak eramateagatik...", ezagun baten hitzak, harat astebetez nindoala entzun zidanean. Beno, hitz onak ere entzun izan ditugu. Ospea eta estimua dute, adibidez, baso lanetan aritzen direnek. Egia da azken urteotan errumaniarren kopurua asko gehitu dela, hori da gure artean dagoen pertzepzioa. "Errumaniarrik topatu duzue?", ironiaz whatsappeatu zidan familiarteko batek. Kontua da izugarrizko emigrazioa egon dela: hiru milioitik gora irten da azken urteotan, bizitza aurrera ateratzeko aukera berrien bila; 23 miliotik 20 milioira pasatu dira.

Talde osoa txunditurik gelditu zen, autobusetik ikusi genuen lautada infinitoarekin. Lautada aberatsak. Udaberri bete-betean geundenez, berdetasuna zen nagusi. Oloa, garagarra, eguzki lorea, patata sailak eta sailak, erne berriak, amaiezinak. Hesi gabeko soropilak tartekatzen ziren, ehundaka –milaka ez esatearren– ardirekin. Eta han, urrunean, Karpato mendiak, neguak utzitako elur matazak gailurretan nabarmenduz. Miresmena pagadi basoak zeharkatzen genituenean. Ai, ai, ai!, gure insignis basoekin erkatuz...

Bidegurutze estrategikoan egonik, Errumaniak historia politikoan zehar inguruko herrialdeen eraso eta okupazio ugaritxo jasan izan ditu, erromatarrena barne. Hizkuntzak berak ere, latina du oinarri, gaztelaniak edo frantsesak bezala. Politikari bat aipatzekotan, urte batzuk ditugunoi, nola ez, Ceaucescu bururatzen zaigu. Ia 25 urtez egon zen agintzen. Lehen urteetan herriaren alde lan bikaina egin omen zuen –hala zioen behintzat gure errumaniar txoferrak–, baina gero, askatasun falta, muturreko pobrezia, errepresio itzela, beldurra... nagusitu ziren garai latz haietan. Azkenean, 1989ko abenduan, matxinada odoltsu baten ondorioz, preso hartu, epaitu eta berehala fusilatu zuten, Eguberri egunez, emaztearekin batera.

Drakula

Zalantzarik gabe, Errumania aipatu  eta... "a, Drakularen herria", bururatzen zaigu. Baina ezagutzen dugu pertsonaia horren historiaren jatorria? Bram Stoker irlandar idazleari otu zitzaion gizon odol zalearen historia sortzea. Antza denez, idazlea Vlad III –Vlad Drakulea–  izena zuen Valaquiako printzearen bizitzan oinarritu zen. Benetako pertsonaia, 1431n jaio eta 1476an zendu zen otomandarren aurka borrokatzen ari zela. XV. gizaldiko ekialdeko agintari ankerrena nabarmentzen dute historiagileek. Lapurretak, gezurrak eta adulterioa ezer baino gehiago jarraitzen omen zituen. Vlad Paldoztatzaile –erderaz el Empalador, errumanieraz Tepes– izenez ezagunagoa zen, hain zuzen kondenatuei zorroztutako haga luzea gorputzean sartzen zielako, sarritan uzkitik eta ahotik ateraz; lazgarria benetan. Bada, jendeak ikus zitzan eta lezioa ikas zezan, muinoetan tinkatzen zituen haga gorpudunak. Metodo hori aipatutako bekatu egileek eta atzerriko zein bertako arerioek jasaten zuten. Dena dela, Stoker idazleari esker, ederki asko sustatzen dute Drakularen kondaira. A ze pagotxa! Bran herrian sekulako ilarak egiten dira Drakula kondearen gaztelura bisitaldia egiteko, Fatiman edo Lourdesen tankeran. Irrigarriena zera da: duela 500 urte bizi izan zen Drakula kondea inoiz ez zela egon gaztelu hartan! Hamaika ikusteko...