Etxean ahaztu zitzaidan idatzia

Erabiltzailearen aurpegia da hau Luis Gurrutxaga | Iritzia
2019ko eka. 5a, 09:17

Luis Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nuarbe, 29 urteko soka liburuaren aurkezpena. Sanagustinen. Eguerdirako zazpi minutu falta. Aurkezleen mahaian lau persona eta ni, sokatira taldeko ordezkari gisa. "Hi, Luix, puntual hasi behar diagu, e! Hamabietan". "Bai, bai". Jendea gainezka. Aulki guztiak beteta, eta zutik pila bat. Prestatutako idatziaren bila hasi zakutoan eta... falta! Mekauben! Eta orain? Izerdi larria kopetan, bisajea zurbil, oinak dantzan eta burmuinetan anabasa galanta.

Koadernoan idatzirik nuen zirriborroan oinarrituz, hasi naiz, zeharo ahomotel. Eta gero... tira, hainbestean... "Zer, hasieran betaurrekoekin arazoa izan duzu, ezta?", lagun batek.

Liburuaz idazteko aitzakia

Eta horrela zion etxean ahaztutako idatziak:

"Orain ikusi ditugun irudiak Bakearen soka izeneko dokumentaletik hartuak dira. Dokumentalaren hasierako hitzak hauek dira: Nuarbe herriaren historia da hau. Behin, Europari gaina hartzea erabaki zuen. Gero, munduari. Eta, hau bai harrigarria: lortu egin zuen.

Eta hain zuzen, horixe kontatzen da, besteak beste, liburu honetan. Ea nola demontre lortu zuten nuarbetarrek gaina hartzea mundu osoari. Ia hiru hamarkadako historia bitxi bezain harrigarria. Auzo txiki bateko kuadrilla ausart eta indartsua nola bihurtu zen errege bost kontinenteetan praktikatzen den kirol batean: sokatiran. Zerotik hasita. Lehenik ikasle eta gero irakasle, eredu bihurtu arte. Liburua irakurtzen duenak, informazioaz aparte, arrakastaren eta mirariaren gakoa zein izan den ere jakingo du.

Duela hamabi urte pasatxo, 2006an, soka zintzilikatu beharrean aurkitu zen taldea. Harrezkero kezka eta desio nagusia izan du taldeak, hain historia bitxi bezain ederra liburu baten islatzea. Inguruko jendeak ere helarazi digu behin baino gehiagotan kontu hau: 'Egin eta lortu dituzuenak lortuta, penagarria izango huke zuen balentriak ahaztuta gelditzea'.

Ni ez naiz tiralaria izan. Taldeari laguntzen saiatu naizen laguna naiz. Lekuko izan naiz mutil hauen adorea eta iraunkortasuna nolakoak izan diren kontatzeko. Sinestu ezinak. Horregatik eta beste arrazoi askogatik, liburu hau, informazio iturri izateaz gain, talde osoarentzat omenaldi gisa baliagarria izan dadila.

Era berean, Laxaro Azkunek 15 hilabete hauetan egin duen lanaren lekuko izan naiz. Ikaragarriye, nuarbetarrez esanda. Taldearen izenean, Laxaro, betirako nuarbetarren estimuan izango haiz, egindako lanagatik. Eskerrik asko. Manuel Arregi: hirekin liburugintzan asko ikasi diagu eta benetan azpimarratzeko lana egin duk. Zorionak eta esker mila. Berdin Eregiko Leireri eta Iñakiri. Argazkilari lanetan Juan Joxe Agirre azpeitiarra, hainbat liburutan parte hartutakoa. Lan bikaina hirea ere, Juan Joxe.

Baina amets hau egia bihurtzeko ezinbestekoa zen lehenik euskarri ekonomikoa bermatzea. Azpeitiko Udalak lehen istantetik bultzatu zuen egitasmoa, kostuaren zatirik handienari erantzunez. Eneko, alkate jauna: Udalaren laguntzarik gabe, argitaratuko al zen liburua? Zalantzak. Beraz, mila-mila esker, Eneko, taldearen partetik. Era berean eskerrak, lagundu diguten bailarako beste erakundeei eta udalei. Ekoizpen mardul hau aurrera ateratzeko, ezinbestekoa izan da denen laguntza".

Horixe zen, bada, liburuaren aurkezpenean hainbeste faltan bota nuen idatzia, eta aitzakia bezala orain erabili dudana, liburuaren berri emateko.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu