Itzulera, dokumentala (eta V)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2019ko api. 24a, 12:39

Luis Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azken atal honetan jakin ditzagun, ba, Pellori kontatzeko gelditzen zaizkion esperientziak eta abarrak.

–Hi,eta eguneroko martxa?

–Egunaren arabera. Zeregin zehatz bat banian: argazkiak ateratzea. Milaka. Gaia?  Natura, noski. Eta beste zeregina, hau "espirituala", denboraz gozatzea. Lehen etapan, jakina, hemengo martxarekin ohituta, eginbidez betetako bizitzatik, han inongo obligaziorik ez edukitzera... talka latz samarra izan zuan, eta hori kudeatzea erraza ez!

–Imajina dezagun gau erdian gaudela, basoaren erdian, txabolan, ilunpean, bakarrik...

–Bai, hasieran beldurra izan nian. Ni kaletarra izaki, zaratak-eta ez nitian kontrolatzen. Basurdea? Basahuntza? Azeria? Zer ote? Auskalo! Baina, zer egin behar nian? Sartu txabolan, atea itxi eta han, kieto? Gerora, ilargibete aldian eta, puf, liluragarria zuan pasiatzen ibiltzea gau erdian.

–Beno, eta ia urte osoa igaro ondoren, itzuleraz zer esan?

–Joaterakoan eta etortzerakoan ariketa berdina egin behar, egokitzapen aldia bete behar. Hasieran, tabernara kuadrillarekin joan eta ni kanpoan gelditzen ninduan. Ezin jasan tabernako zarata ziztatzaile haiek, motel! Isiltasunean ohituta, burrunbara pasatzea ez zuan samurra izan.

–Eta, hain muturreko esperientzia bizi ondoren, zer esan dezakek?

–Nabarmenki, sentimena askoz ere garatuago ekarri nian, askoz ere barne indar sendoagoarekin itzuli nitian. Beldur gutxiagorekin. Neurri batean, bakardadeak indartu egiten hau.

Lau urtaroak, irudietan

Pellok,aurrez aipatu dugu,milaka argazki atera zituen Iratin. Hango irudiak oinarri hartuta, Josu Bereziartuarekin, Pako San Sebastian zenarekin eta Iñaki Etxeberriarekin taldea osatuz, ikus-entzunezko proiekzio interesgarria, bikaina eta garairako modernoa gauzatu zuten. Duela 38 urteko egitasmoaz ari natzaizue.

–Dokumentala 45 minutu ingurukoa zuan, eta garai haietan egiteko nahiko konplexua. Soreasun, Iruñean, Bartzelonan, Gasteizen eta beste hainbat leku xumeagotan eman genian. Santanderren ere bai. Hara gindoazela, Guardia Zibilak kontrolean gelditu eta materiala behatu ondoren, susmo txarra eginda, ez zigutela utziko, hi, joaten... Azkenean, antolatzailei deitu, haiek ekar arazi eta azalpenak eman ondoren, utzi zigutean hiriburura joaten. Garai haietan, badakik: kontrolak noiznahi eta nonahi.

Gaur egun, Arenasen ganbaran dago material guztia. Pozgarria litzateke egungo teknologia berrietara moldatzea eta herritarrek aukera izatea, batzuk oroitzeko berriro eta belaunaldi berriek ikusteko eta gozatzeko, laukote honen ekoizpen ederra. Hain lan eskerga eta joria egiten ari den herriko kultura taldeak ekarpen zoragarria egingo luke, egitasmoa berreskuratuta. Duela gutxi, Garraldako alkateak interesa agertu dio Pellori ikus-entzunezkoa berreskuratzeko, eta ilusioz hartu du eskaera azpeitiarrak.

Mila, mila esker, Pello Arenas jauna, hire Iratiko esperientzian eta bizipenetan murgiltzen uzteagatik. Plazer handia izan duk, hain historia bitxi eta interesgarria hiri entzutea. Atseginez aritu nauk lerro hauetan islatzen. Ez zekiat asmatu dudan, baina... Besarkadak.