Kantujira

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2018ko aza. 24a, 11:28
(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

"Hi, zer? Donostiyen bai ta Azpeitiyen ez? Han ikusi nahi haut, e!".

Hileko hirugarren zapatua. Donostian kantujira. Fermin Calbeton kalean hasiera. Ni han, beste ehunen bat lagunekin kantari.

"Donostian bai eta Azpeitian ez" aurpegiratu zidana Marije azpeitiarra zen. Arrazoi zuen. Izan ere, Donostiara joaten nintzen kantujirara eta Azpeitikoa ezezaguna zitzaidan. Baina, tira, trantze estu hartatik irteteagatik edo, arin erantzun nion: "Beno, jubilatzen naizenean –handik hilabete gutxira– hasiko naun entseguetara joaten". Eta hala ezagutu nuen Azpeitiko kantujira taldea. Hasieran, gutxi batzuk. Pittinka, ordea, taldea kopuruz sendotzen ari da. Poztekoa. Bistakoa da Azpeitiko kaleetan gero eta ezagunagoa dela taldearen presentzia.

Gero eta herri gehiagotan ari dira kantujira taldeak antolatzen. Euskaldunon Egunkariaren zorigaiztoko itxierak haserrearazita egin zuten kantujiraren lehen urratsa Donostiako kaleetan. Geroztik, hainbat herritan zabaldu da mugimendua. Ez bakarrik Gipuzkoan, Euskal Herri osoan baizik. Kanta herrikoiaren pizkundea ote da fenomeno hau? Taldeen ezaugarri bat, ordea, ezin utzi aipatu gabe: deigarria da kideen adina. Dezentea, edo... Donostiara joaten hasi nintzenean, hala esaten zidan lagun batek: "Zer, taldearen batez besteko adina arintzera al hator?". Ni gazteenetakoa taldean, eta 60 urte konplituak...

'Perosiren meza' hiru ahotsetara

Zenbat aldatu den –galdu, esango nuke– taldean abesteko ohitura. 60ko hamarkadaz ari natzaizue, gure ume garaian bizitakoaz. Nuarben hiru taberna ziren: Artabera, Korea eta Ximonene. Bada, bazkari edo afari ondorenak kantuz bukatzea zen ohikoa hiruretan. Elizako korua gai zen Perosiren meza famatua hiru ahotsetara kantatzeko, alajainetan. Eta ibilaldietan zer esanik ez, batik bat pirin-pirin jarriz gero. Baina gizarteko ohiturak hainbeste aldatu, eraldatu, galdu dira arlo guztietan...

Gogoratzen dut sokatira taldearekin atzerrira egiten genituen bidaietan, gure euskalduntasuna azaldu nahian edo, Boga, boga; Dira, dira; Pastelero eta abar abesten hasten ginela... Baina hasi bakarrik, ozta-ozta iristen baikinen bigarren paragrafora. Eta orduan, elkarri esaten genion: "Hi, hurrengo urtien kantu zaharrak ikixita, e!". Kaka zaharra, hurrengoan ere berdin. Gozamena da, ordea, Iparraldera joatea eta hango ahots harmoniatsu eta sendoak entzutea. Inbidia sanoa sentitzen dugu, herri xumeak abesteko tradizioa zein dotore mantendu duen ikustean.

Beno, lagun azpeitiar, jakin ezazu gure herrian aukera duzula taldean kantuan aritzeko. Konpromisorik eta konplexurik gabe. Denak onartuak izango zarete. Ahots goxoa ala zakarra duena; kantuan aditua ala berria; 'belarri' egokia ala trakets samarra duena. Lagun berriak egiteko modua duzu. Agian, ezezagunak dituzun inguruko txokoak ezagutzeko parada izango duzu eta mokadu goxoak ere egingo dituzu. Kantu zaharrak gogoratzeko eta arrotzak zaizkizunak ezagutzeko aukera. Hori dena duzu zain.