Liburuen txokoak

Erabiltzailearen aurpegia LierniVarela 2017ko uzt. 14a, 13:27

Lehengoan lagun batek ikasliburu baten lehen orriaren argazki bat bidali zidan. Nire izen-abizenak zeramatzan, neuk idatziak; duela zazpi urte ikastolan erabili nuen matematikako ikasliburua zen. Harriturik gelditu nintzen.

Berehala pentsatu nuen liburu hark zazpi urte zeramatzala, han-hemenka bere istorio propioa eraikitzen, hamaika esku, motxila, apal eta abarretatik pasatuko zen... Eta ohartu nintzen gutako bakoitzak etengabe milaka aztarna uzten dituela, gauzak batetik bestera eramaten ditugula, hara eta hona, eta objektu bizigabe horri istorio bat eraikitzen joaten zaiola.

Matematikako liburuaren pasadizo horrek beste kontu bat ekarri zidan gogora. Ez dakit ohartu zareten Azpeitiko hainbat txokotan liburutegi txiki eta koloretsu batzuk azaldu direla; ohiko apalak utzi eta liburuak kalera atera dituzte. Igerileku aurrean, anbulatorioko autobus geltokian eta beste hainbat gunetan jarri dituzte, eta kalean ibili naizenetan ikusi izan dut nor edo nor, kuriositateak bultzatuta, liburu artean muturra sartuta. Denontzako literatura dago txoko txiki horietan, eta aleen mamia ere anitza da. Abenturazkoak, amodiozkoak, beldurrezkoak, biografiak... aurki ditzakegu.

Oso ekimen berritzailea eta parte-hartzailea iruditzen zait, hartu-emana sustatzen duena. Kultura kalera ateratzeko proiektua da, jendea entretenitzeko aproposa, eta, ausartuz gero, aukera eman dezake norberak idatzitako literatura bertan uzteko.

Niri txikitatik gustatu izan zait liburu bat hartu eta haren istorioan murgiltzea, eta ekintza honetan nire ale ttipia ematea otu zait, gure gizartean irakurmena landu eta sustatu beharra dagoela uste dudalako. Ekaineko egunen batean, irakurketa txoko horietakoren batera hurbildu eta liburu bat utziko dut, barnean mezu batekin. Ea nork aurkitzen duen lehenen, eta ea elkarrekin liburu horren bidaiari hasiera ematen diogun!

(2017ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)