Azken alegatua: 40ak Libre!

Erabiltzailearen aurpegia da hau Libre Azpeitia | Politika
2014ko urt. 31a, 12:21

Madrilen, 40 gazteren aurkako makroepaiketa amaierara iristen ari den bitartean, jatorri politiko ezberdineko 40 pertsona ezagunek gazte hauen aldeko atxikimendua eman dute.
Horren harira, gazteen alegatoarekin bat eginez, gaur Donostian, "Gehiengo berriaren adierazpena, "Gu" berriarena" irakurri dute, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketa salatzeko. Bakartxo Ruiz, Mikel Astarloza, Alaia Martin, Mikel Labaka eta Sabino Cuadra izan dira agerraldian.


Hona hemen, Azken Alegatua osorik:

Gehiengo berriaren adierazpena, “gu” berriarena

Zubiak eraiki nahi ditugu lehen harresiak zeuden lekuan. Gurea bando herria izan da. Identitatearen inguruko bateko eta bestekoena, ideologiaren araberakoena... eta garaile eta garaituena, “eurak” eta “gu”, betiro. Baliteke, oraindik ere, hala izatea neurri batean. Baina bi urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri bat sortu da, “gu” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen etorkizuna.

Etorkizunerako zubiak. Atzera begirako estrategia “antiterrorista”-ri lotzea herri honen etorkizunaren eraikuntzarako zama latza da. Eragile politiko eta sozial orok eman du urratsen bat denok batera ekin behar diogun etorkizuna eraikitzeko. Gehiago beharko dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eten edo oztopatu asmoz eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau horietako bat da, garrantzitsua gainera. Garaiz eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa da.

Ilusio zubiak. Epaiketa hau, antzeko beste ekinbide batzuen antzera (edo estrategia beraren baitan egiten ez diren urratsen moduan) frustrazio eragile da. Herritarrok ilusio desioz gaude, ordea, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu, errespetua eta aitorpena oinarri izango dituena.


Justizia zubiak. Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da. Gure aurkako epaiketan berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu ditu akusazioak froga gisa, hala aitortu du, gainera; helburuak dituzte epaitzen, ez bitartekoak, jardun politikoa dute epaitzen eta ez delituak. Egungo testuinguruan, politikak irten egin behar du eremu polizial eta juridikotik.

Horregatik guztiagatik, adierazpen honetan prozesu judiziala bertan behera uztea eskatzen dugu, edo auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua, baina 40 gazte hauek libre nahi ditugu.

Azpeitiko LIBRE dinamikatik ere, ozen esaten dugu Gure Hitza: 40ak LIBRE!


Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu