Alex Uranga txapeldun XVII. Cendea de Galar sari nagusian

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2019ko mai. 27a, 13:20

Alex Urangak banakako sailkapen guztiak irabazi zituen larunbat arratsaldean Ezkirotzen (Nafarroa) jokatutako XVII. Cendea de Galar sari nagusian. Lagun Onak Txirrindulari Elkartearen Atracciones Sanz-Epi Kristaldegia taldeko txirrindulari juniorrak lasterketako sailkapen nagusia, tarteko bi helmuga eta mendiko saria bereganatu zituen.

Lasterketa hasi orduko tropeletik ihes egin zuen Urangak, Zarauztarra taldeko Iñigo Eizagirrerekin batera. Lasterketa ia guztia elkarrekin egin ondoren, azkenengo mendatean Urangak atzean utzi zuen Eizagirre eta eskuak jaso zituen helmugan.

Ibilbidean zehar igarotako bi tarteko helmugetan ere Uranga pasatu zen aurrena eta, horrez gain, azkenengo mendatean eskuratutako puntuei esker, mendiko sailkapena ere berak irabazi zuen.