Asteburu gogorra aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2014ko api. 30a, 12:17

Larunbat goizean jubenil mailako Federazio Garaikurreko bigarren proba puntuagarria izango den XX. Gipuzkoa Klasikan izango gara Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoak. Maila handiko lasterketa izan ohi da eta, urtero legez, talde autonomiko, euskal talde eta gipuzkoar taldeak izango ditugu irteerako lerroan. Lasterketaren ibilbidea goraberatsua da bost mendate izanik, eta azken 15 kilometrotan Orendain, Gaintza eta Lazkaomendiri aurre egin beharko diete txirrindulariek. Gure taldea Unai Orbea, Mikel Aizpuru, Mikel Alberdi, Asier Iparragirre eta Daniel Horrillok osatuko dute. Ikus daitekeenez Oier Ibarguren falta da zerrenda horretan, Valladoliden izan zen bezala, Euskal Selekzioarekin hartuko baitu parte lasterketa honetan.

Larunbat arratsaldean kadeteek Zestoan dute lasterketa. Irteera 16:30ean izango da, eta hiru aldiz burutu beharko dute zakila bira (Zestoatik pasata).

Igandean berriz, gure klubak antolatutako urteko hirugarren proba izango dugu Azpeitian: XLIV. Urrakiko Igoera. Legazpiko Santikutz klasikaren ondoren eta Bidasoako itzuliaren atarian, maila handiko parte-hartzea espero da. Izan ere, egutegiko puntu garrantzitsuenetarikoan baikaude. Txirrindulariek Zumarraga, Ormaiztegi, Mandubi Azpeitia zirkuituari bi itzuli egin beharko dizkiete Urrakiko maldei aurre egin aurretik. Irteera 9:30ean izango da herriko plazan eta herriko pasaerak 10:50 aldean (Hotel Loiolan tarteko helmuga) eta 12:10 inguruan (Landetako industriagunetik barrena) izango dira. Taldetik pasatako Aritz Elustondo eta Mikel Elorza (AMPO-GoierrikoTB), berriki Gipuzkoako Txapeldun izan den Ion Iriarte (Gipuzkoa) eta Ander Garateren parte-hartzea espero da. Zorte on guztioi!