Lagun Onak azpitxapeldun, infantil mailako III. Emakumezkoen Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2022ko api. 16a, 09:33

Infantil mailako III. Emakumezkoen Txapelketa jokatu dute Zarautzen, eta Lagun Onak azpitxapeldun gelditu da, Realaren aurkako finala galdu ostean.

Infantil mailako III. Emakumezkoen Txapelketa jokatu zuten atzo, ostirala, Zarauzko Asti futbol zelaian. 15:00etan hasi eta 19:00ak bitartean, hamabi talde aritu ziren nor baino nor: Zarautz (A eta B), Reala, Tolosa, Irungo Mariño, Azpeitiko Lagun Onak, Zumaiako, Arnedo, Goierri Gorri, Orioko, Debako Amaikak Bat eta Martutene.

Seiko bi multzotan banatuta hasi zuten txapelketa, eta lehendabiziko kanporaketak gaindituta, lau talde onenek lortu zuten finalderdietarako txartela. Zarautzi Realaren kontra jokatzea egokitu zitzaion, eta beste partidan, Lagun Onakek eta Goierri Gorrik neurtu zituzten indarrak. Bereziki estua izan zen bigarren partida hori, markagailua hutsean zela bukatu zutenez, penaltietan erabaki behar izan baitzuten finalerako pasea.

Azkenean, Realaren eta Lagun Onaken artekoa izan zen finala. Txapelketa Realarentzat izan zen, eta Azpeitiko taldea azpitxapeldun gelditu zen. Goierri Gorri hirugarren sailkatu zen, eta Zarautz laugarren.

(Argazkiak: Aitziber Arzallus)