Partida ona egin du Lagun Onakek, baina ezin izan dio Urdulizi irabazi

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2021ko mar. 21a, 08:19
Atzoko neurketako une bat. (Otola)

Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak 1 eta 1 berdindu du Urdulizen aurkako neurketa. Bigarren zatian oso ondo aritu dira etxekoak, baina ezin izan dituzte hiru puntuak eskuratu.

Partida oso serioa jokatu zuen atzo, larunbata, Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako Taldeak, Urdulizen aurka, Garmendipe futbol zelaian. Oso ondo hasi ziren etxekoak; lehen ordu laurdenean oso ondo egokitu ziren zelaira, baina atzean pare bat despiste izan zituzten, eta alboko sake baten ostean, gola sartu zieten Urdulizekoek. Lehen zatia bukatu arte, urduritasuna tarteko, ez zen ondo aritu Lagun Onak. Bost atzelarirekin jokatu zuten lehen zatia, atzean indartsu egoteko, baina ezin izan zuten gola saihestu, eta galtzen iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatiari ekin aurretik, aldaketa bat egin zuen entrenatzaileak: hegaletik kendu zuen Eneko, eta Joanes Otamendi zelairatu zen, atakea sendotzeko helburuarekin. Aldaketa horren ostean, askoz ere hobeto aritu zen Lagun Onak, eta partida amaitzeko ordu erdi falta zela sartu zuen gola etxeko taldeak: Otamendik ezkerretik zentratu zuen baloia, eta Geretak egin zuen errematea.

Joanesen aldaketak on egin zion taldeari, eta eskuin aldetik, Aitor Diezen eta Geretaren artean, min handia egin zuten bigarren zatian. Gainera, Iker Olaizolak goian lapurtu zuen baloi bat tarteko, sekulako aukera izan zuen Lagun Onakek bigarren gola sartzeko. Partidako azken jokaldian ere, goletik gertu ibili ziren etxekoak, Otamendiren erremate bati esker. Bigarren zatian oso sentipen onak izan zituen taldeak, baina gauza bat falta izan zitzaien hiru puntuak eskuratzeko: beren atean opari gutxiago egitea eta besteenean gol gehiago sartzea.

Une honetan, sailkapenaren azken postuan jarraitzen du Lagun Onakek, hamabost punturekin.