Markagailua hutsean dela amaitu da Lagun Onaken eta Vitoriaren arteko partida

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2020ko abe. 23a, 08:41

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiak ligako neurketa jokatu zuen atzo, Vitoriaren aurka, Garmendipen. Puntu bat eskuratu zuen etxeko taldeak.

Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako neurketa jokatu zuen atzo, Vitoriaren aurka, Garmendipe futbol zelaian. Markagailuak hutsean zirela amaitu zen partida.

Vitoria hobeto sartu zen norgehiagokan; lehia hasi eta berehala aukera ederra izan zuen talde horretako jokalari batek. Etxekoak, bestalde, ez ziren oso ondo sartu partidan. Hogei bat minutu pasatu zirenean, ordea, Lagun Onak askoz ere hobeto egokitu zen neurketara; aurkariei ez zieten uzten beren jokoa egiten eta gola sartzeko aukera batzuk izan zituzten: korner batzuk, falta  bat... Bigarren zatian ere oso ondo hasi zen Lagun Onak, aurkariak baino hobeto, baina aukera gutxi sortu zituzten bi taldeek.

Partida serioa jokatu zuten bi taldeek, eta atea hutsean mantentzea lortu zuen Lagun Onakek denboraldi honetan lehen aldiz. Hori bada zerbait. Taldeak sentitu du pixkanaka garaipenera hurbiltzen ari dela. Dena dela, lanean jarraitu beharko du Lagun Onakek, eta igandean –abenduak 27– beste neurketa bat jokatuko dute, Ariznabarraren aurka. Jokalari batek positibo eman ostean atzeratutako partida izango da hori. Une honetan, hiru punturekin, sailkapenaren azken postuan da Lagun Onak.