Bihar zabalduko dute Lagun Onak Futbol Eskolan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2020ko abu. 2a, 12:56

Bihartik abuztuaren 24ra bitartean eman ahalko da izena Lagun Onak Futbol Eskolan. Klubaren arabera, "lagun berriak egiteko, futbolaz ikasteko eta ondo pasatzeko" aukera eskaintzen du Futbol Eskolak.

Lagun Onak Futbol Eskolan izena emateko epea zabalduko dute bihar, astelehena. Lagun Onak klubak zehaztu duenez, abuztuaren 24ra bitartean eman ahal izango da izena, Garmendipeko bulegoetan edo e-posta bidez; bigarren kasu horretan, datuak info@lagunonak.com helbidera bidali beharko dira. Lagun Onaken arabera, "lagun berriak egiteko, futbolaz ikasteko eta ondo pasatzeko" aukera eskaintzen du Futbol Eskolak.

Klubak gogorarazi du aurreko urteetan izena emandakoek Futbol Eskolako partaide izaten jarraitzen dutela. Beraz, 2011 eta 2012 urteetan jaiotako benjaminek eta 2009 eta 2010 urteetan jaiotako kimuek, partaide berriak diren kasuetan soilik, eman beharko dute izena.

Izena emateko beharrezkoak diren datuak Lagun Onak futbol taldearen Instagram kontuan argitaratuko ditu klubak.

Zalantzaren bat izanez gero, Garmendipeko bulegora jo behar dute herritarrek. Gainera, izen ematea Garmendipen egin nahi dutenek aurrez hitzordua hartu behar dute 609 79 45 20 telefono zenbakira deituta.