Galtzen hasi arren, beste garaipen bat eskuratu du Lagun Onakek

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2019ko ira. 19a, 17:26

Lagun Onak futbol taldeko Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako partida jokatu zuen atzo, asteazkena, Garmendipe futbol zelaian. Gasteizko San Ignacioren aurka aritu zen Azpeitiko taldea, eta galtzen hasi baziren ere, partidari buelta ematen jakin zuten mutilek. 1 eta 0 galtzen hasi zen Lagun Onak, baina bi gol sartu zituzten neurketa amaitzerako: bata, Luken Iturrinok, eta bestea, Joseba Manterolak. Beraz, hiru puntu eskuratu zituen etxeko taldeak.

Partida bizia izan zen atzokoa; aurrean presioa egiten asmatu zuen Lagun Onakek, eta aurkarien huts egiteak aprobetxatzen ere bai. Klubak sarrerarik ez kobratzea erabaki zuen, partidara jende gehiago joateko helburuarekin, eta asteazkena izanagatik, herritar ugari bertaratu ziren Garmendipera. Lagun Onakek ez du partidarik galdu orain arte etxean, eta uneotan zortzi puntu eskuratuta, sailkapenaren zortzigarren postuan da taldea.