Amaiera arte borrokatu arren, Lagun Onakek 1-2 galdu du Portugalete liderraren aurka

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko api. 14a, 12:38
Hirugarren Mailako Lagun Onakek 1-2 galdu zuen atzo, larunbata, Portugaleteren aurka jokatutako norgehiagoka. Partida zaila aurreikusten zen gure mutilentzat, denboraldi ikusgarria egiten ari den Portugalete liderra baitzuten bisitari. \ \ Bi taldeak indartsu atera ziren zelaira, presio altua eginez. Portugaletek eman zuen hasieratik partiduko gidaritza, baina kostatu egin zitzaien gol aukerak sortzea. Gure taldea ondo kokatuta zegoen zelaian eta ez zion uzten talde bizkaitarrari jokaldiak josten. Aurrean, ordea, sormena falta izan zitzaien gure mutilei eta lehen zati osoan baloi geldian bakarrik eman zuten arrisku sentsazioa. Horrela, lehen gol aukera garbia kanpoko taldearena izan zen. Atezainari izkin egin eta guztia aldeko zuela, gora joan zitzaion jaurtiketa Infante Portugaleteko aurrelariari. Bigarrenean, ordea, Arbeloak ez zuen hutsik egin. 15. minutuan, jaurtiketa gurutzatu bat sareetara bidali zuen, markagailuan 0 eta 1ekoa jarriz. Lehen zatia trabatua izan zen hortik aurrera, gol aukerarik gabea.\ \ Bigarren zatian, rol berberekin atera ziren bi taldeak, ez zirudien partida asko aldatuko zenik. Pixkanaka, baina, gure taldea Jorge Portugaleteko atezainaren inguruetara iristen hasi zen eta 62. minutuan iritsi zen saria. Kornerra goxo-goxo jarri, eta Julenek, burukada bikainarekin, berdinketaren gola lortu zuen. Golarekin, taldeak konfiantza hartu eta gora egin zuen. Partidako momenturik onenean zeuden gure mutilak, aurrean min eginez, baina, orduantxe iritsi zen kolpea, Portugaleteren bigarren gola. 67. minutuan, ezker hegaletik egindako erdiraketa bat boleaz barrura bidali zuen Arbeloak, geldiezina Aitzolentzat. Saiatu ziren buelta ematen gure jokalariak, ez zuten lortu, ordea. 1 eta 2koarekin amaitu zen partida.