Lanak fruitua eman zuen

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko ots. 17a, 21:23
Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako gure taldeak 0-3 irabazi zuen larunbatean Ostadarren aurka jokatutako partida. Emaitzak, ordea, ez du zelaian bizitakoa islatzen. Izan ere, 85. minutuan iritsi zen gure nesken lehen gola. \ \ Azken minutuetan partida irabazteak xarma berezia duela esaten dute askok; denboraldi honetan, bi aldiz eskuratu dituzte gure neskek hiru puntuak partidako azken esprintean. Kasualitatez, edo ez, baina partida biak Ostadarren aurkakoak izan dira. Lehen itzuliko neurketan, partida osoa markagailuan atzetik joan ondoren, 83. minutuan lortu zuten berdinketako gola Lagun Onakekoek, eta 3-1eko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka. Atzokoan, berriz, 85. minutuan sartu zuten partidako lehen gola. Kostatuta, baina hiru puntuak poltsikoan sartuta itzuli ziren etxera neskak.\ \ Lehen zatian, Lagun Onakena izan zen baloiaren jabetza, baina ez zuten arriskurik sortu aurrean. Area ertzera iritsi bai, baina ezin jokaldiak amaitu. Bi taldeetako atezainak apenas izan zuten lanik. \ \ Bigarren zatia hasi eta berehala, Ostadarreko jokalari batek bigarren txartel horia ikusi eta aldageletarako bidea hartu zuen. Bat gehiagorekin, alde jarri zitzaien partida gure neskei. Ostadarreko jokalariek, ordea, ez zuten burua makurtu eta bukaerara arte borrokatu zuten. \ \ Azken ordu laurdenean, baina, fisikoki sufritzen hasi ziren etxekoak, eta egoera aprobetxatu zuen gure taldeak. 76. minutuan iritsi zen lehen gol aukera garbia; Moniken erdiraketa langara errematatu zuen Ihintzak. Hiru minutu beranduago, beste langa bat jo zuen Joanek, baina hurrengoan ez zuen barkatu; Moniken erdiraketa sareetara bidali zuen, markagailuan 0-1ekoa jarriz. \ \ Denbora gutxira iritsi zen partidako bigarren gola. 88. minutuan, Monikek baloia jaso eta atezaina aurreratuta zegoela ikusita, gol bikaina sartu zuen zestoarrak. Beste gol baten bila jarraitu zuten gure neskek, eta 91. minutuan iritsi zen saria. Area ertzean falta egin zioten Joaneri, eta atezaina hesia kokatzen hasi zenean, azkar ibili zen Monik eta baloia sareetara jaurti zuen. Azken gol horrekin amaitu zen partida. Sufrituta, baina hiru puntuak eskuratzea lortu zuen gure taldeak. \ \ Datorren astean, etxean, Leintz Arizmendi talde indartsuaren aurka neurtuko dituzte indarrak Lagun Onakeko neskek. Aupa Lagun!