Lagun Onak 1-1 Balmaseda: banaka bada ere, gehitzen

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2018ko ots. 5a, 14:01
Marea Urdinarekin bat egin zuten partida aurretik Lagun Onakeko kideek. (Lagun Onak)

Galdu gabeko zazpigarren jardunaldia, hiru garaipen jarraian zeramatzan taldearen aurka galtzen hasita, zelaiaren egoera txarrarekin... ez dago batere gaizki. Datorren igandean Sestao Riverren zelaia bisitatuko dute azpeitiarrek.

  • Lagun Onak: Aitzol, Leunda, Olasagasti, Tena, Castillo, Sanchez, Ximon, Aranburu, Orbegozo, Egaña eta Ugaitz.
  • Balmaseda: Ivan, Mikeldi, Arcarazo, Javi, Corral, Apellaniz, Estevez, Arandilla, Lambarri, Cuevas eta Ander Franco.
  • Golak: 0-1, Cuevas (34. min); 1-1, Ximon (82. min)

Sei jardunalditan jarraian galdu gabe zen Lagun, eta berdinketa honekin galdu gabeko zazpigarrena lortu du. Aurkariaren zailtasunak eta zelaiaren egoerak partida oso zaila izango zela argi utzi zuten eta hala izan zen. Etxekoak baino hobeto sartu zen partidan Balmaseda; bi korner jarraian izan zituen lehen bost minutuetan. Pixkanaka, ordea, lortu zuen Lagunek egoera kontrolpean izatea. Erasoan gogor saiatu ziren Ximon eta Orbegozo, baina ate aurrean ezin asmatuta ibili ziren. Lehen zatiko zati handi batean baloia Balmasedaren atetik gertu ibili zen, baina arriskua sortzea garesti zegoen. Atsedenaldirako hamar minutu faltan, gainera, Balmasedak aurrea hartu zuen, izan zituen aukera apurretako bat aprobetxatuta. Atsedenaldira huts eta bat, beraz. 

Bigarren zatian lehen minututik joan zen Lagun berdinketaren golaren bila. Tena izan zen, jaurtiketa gogor batekin, Balmasedako atezaina lanean jarri zuen lehena. Berdinketa bilatzeko aulkia mugitu zuen berehala San Miguelek eta Arteagak hartu zuen Ugaitzen lekua. Saiatu zen Azpeitiko taldea erasoan, baina Balmasedako atzelariek sendotasun handia erakutsi zuten. Ahaleginak, ordea, eman zuen fruitua. Arufe zelairatu berriak ateratako falta buruz sareetara errematatu zuen Ximonek. Bolada gozoan da aurrelari getariarra. Banako berdinketarekin amaitu zen partida.

Beti garaipena lortzea nahi bada ere, puntu hau positiboki hartu behar da. Galdu gabeko zazpigarren jardunaldia, hiru garaipen jarraian zeramatzan taldearen aurka galtzen hasita, zelaiaren egoera txarrarekin... ez dago batere gaizki. Datorren igandean Sestao Riverren zelaia bisitatuko dute azpeitiarrek.