Bikain, hasi eta bukatu

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko aza. 13a, 15:23

Bi jardunaldi jarraian galdu ostean, garaipenaren bidera itzuli nahi zuen Lagun Onakek. Horretarako, denboraldi bikaina egiten ari den Reala C taldea gainditu behar zuen klubak. Jende ugari hurbildu zen Garmendipera, eta hurbildu ziren herritarrak ez ziren damutu. Izan ere, litekeena da atzoko partida izatea Azpeitiko taldeak denboraldi osoan jokatu duen neurketarik borobilena. Etxeko mutilak gehiago izan ziren zelaian, eta hori islatu zuen markagailuak. Aurrean eraginkor eta atzean sendo egon zen Lagun Onak.

Partida hasi eta ordu laurdenera iritsi zen markagaiua irekiko zuen Aruferen gola. Hasiera ona eman zion Lagun Onakek partidari. Bigarren zatia hasi eta berehala Renovalesek bigarren gola egin zuen etxekoentzat. Markagailuan bi golen aldearekin lasai jokatu ahal izan zuten San Miguelen mutilek. Partida amaitzear zela iritsi zen Aruferen bigarren gola. Taldeak emaniko itxurarekin oso gustura gelditu ziren jokalari eta zaleak. Aruferen bi golez gain, aipagarria Iker Olabarria aurrelari azpeitiarraren lana. Landa eta Orbegozok utzitako lekua ederki ari da aprobetxatzen.

Garaipen honekin, Lagun Onak sailkapenean zortzigarren postuan dago kokatuta 22 punturekin. Datorren jardunaldian Bermeoren zelaia bisitatu beharko du Azpeitiko taldeak.