Alaves Bk eten du Garmendipen Lagun Onaken bolada ona (0-1)

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko aza. 2a, 10:49

Galdu gabe sei jardunaldi zeramatzan Lagun Onakek, baina atzo ezin izan zitzaion bolada on horri jarraipenik eman. Jende ugari hurbildu zen Garmendipera, taldearen joko onaz gain, Alavesen bigarren talde gazte eta erakargarriaz gozatzera. Partida entretenigarriaz gozatu zuten, amaierara arteko emozioarekin, baina hiru puntuek Araba aldera jo zuten.

  • Lagun Onak: Aitzol, Elustondo, Tena, Olasagasti, Castillo, Sanchez (Gorka, 68.min), Landa, Ugaitz, Arteaga (Ximon, 58.min), Aranburu eta Arufe (Mikel, 73.min).
  • Alaves B: Aritz, Martín, Nacho, Estigarribia, Eik, Einar, Victor (De la Fuente, 76.min), Ato (Pepe, 67.min), Demirovic (Fuentes, 82.min), Andrei eta Valero.
  • Golak: 0-1, Demirovic (22.min).
  • Epailea: Haro. Txartel horia erakutsi zien Lagun Onakeko Sanchezi eta Alaveseko Estigarribiari, Einarri eta Demirovici. Txartel gorria zuzenean Lagun Onakeko Aitzoli (72.min) eta Landari (94.min).

Lehen ordu laurdenean ez zen arriskurik sumatu bi areetan. Zelai erdiko jokoa nagusitu zen eta aurrelariek ez zuten aukerarik izan. Arabarren lehen abisu argia 18. minutu inguruan iritsi zen. Sakonean eginiko pase eder batek aurrelari arabarra Aitzolen aurrean bakarrik utzi zuen; buruz burukoan, ordea, Aitzolek bikain gelditu zuen errematea. Ez zen abisu gehiago izango; hurrengoa barrura. Demirovic, Alaveseko aurrelaria, baloiaren borrokan Olasagastiri nagusitu zitzaion area barruan, eta erremate indartsu batekin, ez zion aukerarik utzi Aitzoli. Atsedenaldira bitartean etxekoek itxura nabarmen hobetu zuten eta Arufek aurrena, eta Oinatz Elustondok ondoren, lanean jarri zuten Alaveseko atezaina. Atsedenaldira, beraz, 0 eta 1; izan zituen aukera apurretako bat ondo aprobetxatu zuen kanpoko taldeak. Etxekoak, aldiz, pare bat aldiz iritsi ziren areara zorterik gabe.

Bigarren zatia hastearekin batera Alavesen aukera iritsi zen. Nolanahi ere, ez zen bigarren zatiko gidoia hura izango. Lagun Onak baloiaren jabetza bereganatu eta arriskua sortu zuen. Eskuin hegaletik Oinatzek sortu zuen arriskua eta Arteaga ere asko agertu zen. Landak izan zuen etxekoen aukerarik argiena; atezainaren aurrean buruz buru eginiko errematea kanpora joan zitzaion. Lagun erasoan ari zen minutu horietan sartu ziren Ximon eta Gorka zelaira, taldearen erasoari freskotasuna emateko. Golaren bila ari zen taldea, baina kolpe gogorra jaso zuen. Aitzol atezainak txartel gorria ikusi zuen zuzenean; halabeharrez, Mikel ordezko atezaina sartu zen zelaira Aruferen lekuan. Hamarrekin egonda ere, etxekoek berdinketaren bila jarraitu zuten azken unera arte. Arabarren atzelariak sendo agertu ziren, ordea. Partidako azken minutuan, kornerra etxekoen alde zenean, Alaveseko jokalari bat area barruan erori zen eta epaileak Landari txartel gorria erakutsi zion. Amaieran, beraz, 0-1 talde arabarra nagusi. Demirovic aurrelariak hainbat buruhasute sortu zituen area inguruan eta bat sareratzea lortu zuen. Lagun Onakek erreakzionatu bazuen ere, ezin berdinketaren gola sartu.

Partida bat galtzeagatik ez da mundua erori, ordea. Landa eta Aitzol gabe, baina igandean izango da berriro puntuak eskuratzeko aukera 11:15ean Santutxun, Santutxuren aurka. 

Partidako argazki galeria ikusteko, egin klik ondoko estekan: https://flic.kr/s/aHsm5oPKnq