Sufritutako garaipena derbian

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko urr. 23a, 11:43

Iritsi zen azkenean azpeitiar eta azkoitiarrek egutegian gorriz markatuta zeukaten data. Lagun Onaken eta Anaitasunaren arteko derbiak ikusmin asko sortu zuen bi herrietan eta zaleen erantzuna paregabea izan zen. Zelai inguruak gutxitan bezala bete ziren eta giro paregabea izan genuen. Futbolari dagokionez, ikuskizuna ez zen punta-puntakoa izan, baina derbiek izan ohi dituzten osagai garrantzitsuak izan zituen: emozioa eta intentsitatea. Etxeko taldeak 1-0 irabazi zuen partida.

Egun berezia izan zen, eta horren erakusle izan zen Jon Guridi eta Igor Zubeldia Realeko jokalari azpeitiar eta azkoitiarrak jasotako omenaldia. Ohorezko sakea egiteaz arduratu ziren Lagun Onakeko eta Anaitasunako harrobiko jokalariak.

Partida hasieran, eta lehen zatian orokorrean ez zen aukera garbirik izan bi ateetan. Bi taldeak egoki kokatuta zeuden zelaian eta erasoek ez zuten zulorik aurkitzen. Baloiaren kontrola azkoitiarrek izan zuten hein handi batean baina Laguneko atzelariak behin estutu zituzten. Iriarteren burukada kanpora joan zen gutxigatik. Etxekoek pare bat hurbilketa izan zituzten baina atezaina ez zuten lanean jarri. Arteagak gora eginiko jaurtiketa bat eta gutxi gehiago.  Lehen zatian, beraz, golik ez eta hobetzeko ikuspegi ugari.

Bigarren zatiaren hasieratik Lagun Onakek itxura aldatu zuen. Pixkanaka baloiaren kontrola eskuratu eta futbol polita eskaini zuen. Baloia ukitzen hastearekin batera iritsi ziren lehen aukerak. Areaz kanpoko jaurtiketa bat eta korner erremate arriskutsu bat. Joko bolada onak amaiera ezin hobea izan zuen. 63. minutuan ezker hegalean jokaldi polita egin eta Tenak lehen ukituan eginiko erdiraketa zehatza, zelairatu berri zen Landak sareratu zuen. Erremate eder eta zaila. Golaren ostean Anaitasuna etxeko taldea atzean sartzeko gai izan zen. Ahaleginak egin zituzten azkoitiarren berdinketaren gola sartzeko baina ez ziren errematean fin aritu. Geldikako jokaldietan sortu zuten bereziki arriskua baina ezin Aitzol gainditu. Luze egin zen partida amaiera baina ez zen gol gehiago izan. Lagun Onak 1-0 Anaitasuna.

Zale azpeitiarrak gustura utzi zuten zelaia garaipena berezia zelako. Kirol arloan, ordea, garrantzitsuak baina, hiru puntu gehiago izan ziren sailkapenean goiko postuetatik ez aldentzeko. Datorren jardunaldietarako, ordea, erasoko lana hobetu beharrean dira San Miguelen mutilak. 11.jardunaldiko partida sailakpenean puntuetan berdinduta den Deustoren aurka izango dute azpeitiarrek.

Eskerrik asko Garmendipera hurbildu zineten zale guztiei, eta ez egin dudarik: etorri gainontzeko partidetara ere! Aupa Lagun!

Partidako argazki galeria: https://flic.kr/s/aHsm6AudQj