Kultur taldeak (21): Erabaki Produkzioak

"'Korosagasti'-ren esperientzia, hurrengo lanaren gestio aldetik etorriko litzaiguke ondoen"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2023ko ots. 16a, 17:23
Erabaki Produkzioak-eko kideak, 2018ko urrian, 'Korosagasti' film luzearen grabazio saio batean.
Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 21. alea, Erabaki Produkzioak-ekin. Asier Sustaeta kideak dio gustura geratu zirela 'Korosagasti' film luzearekin (2020), baina nekea ere ekarri ziela. Ideia bat lantzen hasi berri dira.
2020an Korosagasti film luzea estreinatu zuen Erabaki Produkzioak-ek. 

Talde bezala hasieratik izan dugu ibilbide bat, dagoeneko hamar urte pasakoa. Film labur xume batzuekin hasi ginen, eta gero ezohiko lan bat izan genuen eskuartean: Korosagasti film luzea. Urteetako prozesua izan zen, proiektua 2016an martxan jarri eta lau urtera estreinatu genuelako. Gu maila edo eskala txikiagoan aritzen ohituta geunden, eta ez zen erraza izan Korosagasti-ri aurrea egitea. Baina esango nuke apustuak ondo irten zuela.
 
Jende asko mugitu zenuten.

Berrehun lagunetik gora inplikatu ziren. Herriko eragile batzuen laguntza ere izan genuen.
 
Zer suposatu zuen lan hark?

Gai izan ginen aurrera ateratzeko. Baina neke bat ere ekarri zigun. Pandemia ere izan genuen 2020 hasiera samarretik, baina nik uste taldekook zinema aretorik ez genuela zapaldu denborale batean. Geu ere harrezkero ez gara talde bezala juntatu; lagun bezala egon gara, besterik gabe.
 
Eskuartean ezer ba al duzue orain?

Iazko abenduaren 28an ETB1ek Korosagasti bota zuen. Bazen urtebete pasa filma erosi zigula. Berriz etorrri zitzaizkidan orduko oroitzapenak-eta, eta ikusten duzu emaitza on bat izan zuela. Hasi gara berriz ere zeozer mugitzen. Badut ideia bat, eta hasi naiz gidoia idazten. Taldekideek badute horren berri. Gidoia aurten bukatzeko asmoa dut, eta ea hortik beste proiektu batek irteten duen.
 
Korosagasti-ren esperientzia baduzue. Zertan baliatzeko?

Hurrengo lanaren prozesuaren gestio aldetik etorriko litzaiguke ondoen.
 
Herriye antzezlan kolektiboa ikusi berri dugu...

...eta jende asko mugitu da; nabarmen animatu da jendea. Korosagasti-n ere asko izan ziren.
 
Talentua al dago herrian?

Bai. Korosagasti-n ia 90 lagun azaldu ziren pantailan, eta %75 inguru azpeitiarrak ziren. Jendea biltzen da proiektuetara.
 
Azpeitian zer dago hobetzeko ikus-entzunekoen arloan?

Gazteek badakite mugikorrarekin bideoak editatzen. Hortaz, nik uste ekoizpen bat nola atera erakutsi beharko litzatekeela, formakuntza bezala.
 
Zenbat kide zarete Erabaki Produkzioak-en?

Lau lagun, eta gero, laguntzaileak. Aipatutako ideiari forma ematen hasten bagara, eskatuko dugu laguntza.
 
Erabaki Produkzioak-en datu batzuk:
  • Sorrera: 2011.
  • Egoitza: Urrestilla, Elizatze 2.
  • Harremanetarako: erabakiprodukzioak@gmail.com, Asier Sustaeta (asustaeta@gmail.com).
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: