Kultur taldeak (19): Kantujira

"Azkenaldian jende gehiago ari da animatzen Kantujiran"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2023ko urt. 26a, 19:55
Kantujira taldeko kideak, 2018ko azaroan, Santa Zezili egunean, Azpeitian.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 19. alea, Kantujirarekin. Arantxa Orbea kideak dio bihar (ostirala) Nuarben kantatuko dutela. Modu finkoan, 25 lagun aritzen dira. Euskal kantak dituzte ardatz.

Nuarben saioa duzue aurki…

Bai, bihar. Kantujira taldeko eta batzordeko kidea dugu Luix Gurrutxaga nuarbetarra, eta hark esan zigun San Julian eguna —urtarrilak 28— garai batean egun handia izaten zela Nuarben, otargileen eguna izanik. Esaten zigun ez zutela nahi festa lagatzerik edo galtzerik, eta, halaxe, Kantujirakook hara joaten hasi ginen. Badira urte batzuk. Soziedadean afaldu eta kantuan jarduten dugu.

Zenbat lagunek eman duzue izena biharko?

Sekula baino lagun gehiago animatu da. 30 pasa izango gara.

Bestela, noiz jardun duzue azkeneko aldiz?

Abenduan, bitan, herrian bertan. Batean, santomasen aurretik, egun batzuk lehenago, eta gero, Gabon Gauean jaiotzarekin, Juan Barrenetxea Abestatzakoekin batera.

Nuarbeko saioaren ondoren, non eta noiz?

Karnabaletan jardun beharko dugu aurten ere. Atzeneko urteetan Ostegun Gizenean irteten dugu kantuan.

Askotan aritzen al zarete?

Badugu dinamika bat: egoitza batzutan kantatzen dugu (Zaharretako eta Eguneko Zentroko, adibidez), festetan (Eliz kalean, Nuarben, Loiolan…), Iruñeko sanferminetan ere bai, edota Hazparnekoekin ere jardun izan dugu.

Modu finkoan, zenbat kide izaten zarete saioetan?

Seguru, 25 bai. Azkenaldian jende gehiago ari da animatzen. Azkoitikoak ere bai.

Azkoitiko zenbat?

Hiru lagun: emakumezko bat eta gizonezko bi, adinekoak. Aipatu ziguten Azkoitian ez dagoela halako talderik eta ea utziko genien gurekin kantatzen. Jakina baietz! Guk ez diogu inori aterik ixten. Bihar Nuarben izango dira azkoitiar horiek ere.

Dozena bat urte bete ditu Kantujira taldeak.

Bai. 2011n sortu zuten. Neu ez nintzen artean. Hasieran Baigerako zeozer balitz bezala funtzionatzen zuen. Gero jende berria eta gazteagoa sartzen joan zen, eta taldea zabaldu egin zen.

Non elkartzen zarete entseguetarako?

Baigera I-en, laugarren solairuan. Orain arte hamabostean behin, ostegunetan, 18:30-20:00 artean, baina astean behin biltzen hasteko asmoa dugu, egun eta ordu berean.

Nola antolatzen zarete?

Batzorde bat dago, eta bertako kideek badute egitekoren bat: batek kantuen zerrenda prestatzen du, beste bat soinuaz arduratzen da —bozgorailu bat erosi berri dugu, esate baterako—, neu musikalitateaz… Horretaz gain, bi lagun gitarrarekin aritzen dira saioetan —eta tarteka beste bat ere bai—, ahoko soinuarekin bi lagun eta esku-soinuarekin bat.

Nola prestatzen dituzue saioak?

Zuzendaririk ez dugu. Kantuen zerrenda egiten dugu, baina gero, saioan bertan gaudela, ez dugu beti zehatz-mehatz betetzen. Beti ateratzen dira proposamenak. Ondo pasatzen dugu.

Kantutegiaren liburuxka bat atera zenuten.

2019an; 300en bat abestiren letrak daude. Euskal kantak ditugu ardatz, euskal nortasuna aldarrikatzeko.

Kantujiraren datu batzuk:

  • Sorrera: 2011.
  • Egoitza: Baigera I, Enparan kalea 6.
  • Harremanetarako: Arantxa Orbea (araorbea@hotmail.com).
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: