Kultur taldeak (18): Munoandi Kultur Elkartea

"Herritarrek herriko historia ezagutaraztea da Munoandiren helburu bat"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2023ko urt. 14a, 20:32
Joxe Ramon Bengoetxea EHU irakaslea eta Xabier Ezeizabarrena jurista, ezkerrean eta eskubian, Sanagustin kulturgunean, 2019ko azaroan, Munoandi elkarteak antolatutako hitzaldi batean. Erdian, Ignacio Arakistain moderatzailea.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 18. alea, Munoandi kultur elkartearekin. Jabier Altuna kideak jakinarazi du herriko kaleen izenen jatorria ezagutarazteko proiektua zabaltzeko moduan daukatela. Hainbat formatutan garatzen dute euren dinamika.

Hasi berri dugu 2023a. Zer asmo du Munoandi kultur elkarteak aurtengorako?

Oraintxe bertan, herriko kale izendegiaren proiektu bat dugu esku artean, zabaltzeko moduan ja. Kaleen izenak hartu, eta haien jatorria eta historia jarri ditugu eskuorri txiki batzuetan. Hogeitaka bat hautatu ditugu, azalpen bat dutenak: Enparan kalea, Iñaki Azpiazu kalea, Juan XXIII.a… Modu horretara ere, herritarrek herriko historia ezagutaraztea da gure helburua, modu erraz eta praktiko batean.

Noiz hasi zineten lantzen?

2020 hasiera aldera, baina pandemiak dena atzeratu egin du. Duela hilabete batzuk heldu genion berriz ere, eta zabaltzeko moduan daukagu. Udalari proposatu diogu etxeetara banatzea, baiezkoa emana du, eta ea laster den. Eskuorriak denak batera banatuko ditugu, kale bakoitzeko bizilagunei eurena.

Elkarteko kideon artean egin al duzue?

Bai. Eta gero laguntza eskatu dugu, zuzenketak-eta egiteko.

2007an sortu zen Munoandi elkartea.

Azkoitiko eta Azpeitiko kultur talde bezala sortu zuen EAJko jendeak 2007an. Baina 2018an, estatutuak aldatu eta Azpeitian errotu zen elkartea. Helburuak, hasierako berberak dira: arlo sozio-politikoa ezagutaraztea eta Azpeitiko memoria historikoa lantzea. Hitzaldiak, mahai inguruak, elkarrizketak, erakusketak, liburu aurkezpenak —Azpeitiko EAJren 100. urteurrenekoa argitaratu genuen, adibidez, Pello Elorzak egindakoa—, dokumental emanaldiak...

Zer dela-eta jarri zenioten Munoandi izena elkarteari?

Esan bezala, hasieran Azkoitiko eta Azpeitiko jendeak sortu zuen elkartea, eta Munoandi bi herrien arteko gune historiko bat izan zenez, elkarteari izen horixe jartzea erabaki zen.

Gustura jendeak zuen ekinbideei egiten dien harrerarekin?

Bai. Gehienbat, hitzaldiak antolatu ditugu, gaitzat hartuz Aita Mari itsasontzia, Mendebaldeko Sahara, euskal zinema, Europaren egoera… Batzuetan jende asko izan da hitzaldietan, eta beste batzuetan, gure harridurarako, ez hainbeste. Orokorrean, gustura gaude orain artekoarekin.

Zer-nola antolatzen zarete?

Ez dugu antolaketa finkorik. Ekitaldien edo egitarauaren arabera antolatzen gara. Talde finko murritz bat gara, eta gaiaren arabera laguntzaileak dauzkagu, hau edo beste egiteko. Gure taldearen martxari ere pandemiak eragin dio, baina heldu diogu berriz ere.

Munoandi kultur elkartearen datu batzuk:

  • Sorrera: 2007.
  • Egoitza: Olazko Amaren enparantza 6.
  • Harremanetarako: munoandikultura@gmail.com.
  • Informazio gehiago, hemen.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: