Kultur taldeak (16): Metal Boskotea

"Tuba komunitatea indartu nahi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko abe. 3a, 10:27
2017ko Tuba Jaialdiko kontzertu bat, Sanagustin kulturgunean.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 16. alea, Metal Boskotearekin. Abenduaren 8tik 10era artean XI. Tuba Jaialdia egingo dute, Azpeitian. Metal Boskoteko kide Agustin Jimenezek dio instrumentu hori ezagutaraztea eta euren komunitatea indartzea dituztela helburu. Taldeak 20 urte beteko ditu 2023an.

Laster duzue Tuba Jaialdiaren XI. aldia.

Bai, abenduaren 8tik 10era bitartean izango ditugu ekitaldiak. Hilaren 8an, orain arteko edizioetako argazkien erakusketa zabalduko dugu, Sanagustin kulturgunean, Alaitz Ruiz, Alberto Beloki eta Borja Eizagirre herriko argazkilarien irudiekin. Panel batzuk ere ikusgai jarriko ditugu; Oscar Abella Euskal Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlariak instrumentu horren historia eta garapena nolakoa izan den bildu du, lan handia eginda, eta interesgarria da ikustea.

Emanaldiak, hilaren 9an eta 10ean, Soreasun eta Azoka Plazan.

Masterclass bat ere bai, Soreasun, Edu Ruano Zaragozako kontserbatorioko irakasleak emandakoa. Hilaren 9an izango da hori. Soreasuko emanaldiak antzokian eta Udal Musika Bandaren lokalean izango dira.

Juan Carlos Ribelles zuzendariaren lana aitortuko duzue.

Hilaren 10ean, Azoka Plazan, 19:00etan. Asko lagundu izan digu Ribellesek, osasun arazo handi batetik pasatua da, eta merezi du aitortza. Tuba eta bonbardino kontzertu bat izango da orduan. Donostiako Easo Txiki abesbatzak ere parte hartuko du.

Lan handia eskatzen al du Tuba Jaialdia antolatzeak?

Bai, baina kontaktu asko ditugu eta horretaz baliatzen gara. Tuba eta bonbardinoaren elkarte bat dago Espainiako Estatuan, eta haren biltzarretara joaten gara gu, Metal Boskoteko kideok. Harreman asko egiten ditugu, eta arlo honetako jendeak badaki Azpeitian jaialdi bat egiten dugula. Jendea etortzen da estatuko leku batzuetatik. Ipar Euskal Herritik ere bai, Baionako musika eskola batetik. Paradoxa bat bizi dugu…

Zein?

Kanpokoek estimatzea tuba, baina gure ingurukoek, ez asko. Besteak beste, ezagutza faltagatik da. Halako jaialdi bat edo bestelako ekitaldi bat ikusten dutenean, haientzat deskubrimendu bat izaten da.

Zein da jaialdiaren helburua?

Tuba plazara ateratzeaz gain, ospatzea, batetik. Eta, bestetik, tuba eta bonbardino munduko jendea elkartzea eta gure komunitatea indartzen joatea nahi dugu.

Era horretako zenbat musikari daude, adibidez, Gipuzkoan?

150ean bat. Musika banda bakoitzean tuba musikari bat edo bi daude, eta, bonbardinoen kasuan, berdin. Baina gero eta jende gutxiago dago, eta banda batean eta bestean jotzen ibiltzen da jendea. Azpeitiko jaialdian Gipuzkoako musikari mota horien %20 bilduz gero, ondo, gustura.

Metal Boskotea taldeak hogei urte beteko ditu 2023an.

Ekitaldi edo kontzertu bereziren bat egjngo dugu.

Bost sortzaileok segitzen al duzue taldean?

Batek utzi egin zuen, lan kontuengatik: Juan Pinedak. Edorta Aiastui sartu zen haren partez. Taldean segitzen dugu Jon Aramendiik, Iñigo Aranbarrik, Iñigo Larribak eta laurok.

Non egiten dituzue entseguak?

Azpeitiko Musika Bandaren egoitzan ditugu instrumentuak. Dena dela, pandemia iritsi zenetik ez gara bildu. Bakoitzak bere erara jardun du.

Ba al duzue beste proiekturik?

Gure helburu nagusia musika mota hau jorratzea eta ezagutaraztea da. Horretarako egiten dugu, adibidez, Tuba Jaialdia. Talde bezala, baditugu pare bat kantu estreinatzeko. Ea 20. urteurrenean… Euskal musika gure komunitatera gerturatzea ere bada asmoa, eta saiatzen gara horretan. Metal boskoteentzat piezak kanpoko jendeak idatzitakoak dira, eta euskal abestiak gurera moldatzea ez da erraza izaten.

Metal Boskotearen datu batzuk:

  • Sorrera: 2003.
  • Egoitza: Udal Musika Bandaren lokala, Soreasu.
  • Harremanetarako: Agustin Jimenez (agusjl74@gmail.com).
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: