Kultur taldeak (15): Urolakoen Napar Zuzterrak

"Nafarroako estatua izan zela gogorarazi nahi izaten dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko aza. 21a, 20:58
Joseba Asiron historiagilea, iazko ekainean, Azpeitiko Azoka Plazan, Nafarroari buruzko hitzaldia ematen.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 15. alea, Urolakoen Napar Zuzterrakekin. Manuel Agirretxe kideak dio historiak garrantzia handia duela eta erakutsi nahi dutela euskaldunek ez diotela burujabetzari uko egin inoiz. Gazteengana ere heldu nahi dute. Abenduaren 1erako hitzaldi bat antolatu dute.

Abenduaren 1erako hitzaldi bat antolatu duzue.

Bai. Juan Martin Elexpuru idazlea etorriko da, Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan izeneko hitzaldia ematera. Azoka Plazan izango da saioa, goiko aretoan, 19:00etatik aurrera. Irulegiko Eskuaren berria jakin aurretik genuen Elexpururen hitzaldia lotua. Uste dugu horretaz ere jardungo duela.

Aurten antolatu dituzue beste hitzaldi batzuk.

Amaiurko konkistaren 500. urteurrena hizpide izan dugu; iaz Noaingo gudaldia ere bai. Urolakoen Napar Zuzterrak taldeko kideok ez gara historialariak, baina historiari sekulako garrantzia ematen diogu, eta horretaz dakitenak ekartzen ditugu hitz egitera.

Zer helbururekin?

Nafarroako estatua izan zela gogorarazi nahi izaten dugu. Euskaldunok sekula ez diogu egin uko gure burujabetzari. Zapaldutako, indarrez konkistatuko eta menperatutako herri bat gara. Halako gaiak gogora ekartzeaz gain, beste ertz batzuk ere ukitzen ditugu. Esate baterako, Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena ere bete da aurten, kristoren marinela izan zen, baina Espainiaren batasunaren aldarrikapena egiteko erabiltzen dute figura hori, eta guk halako gaiak ere ateratzen ditugu plazara.

Hitzaldiak grabatu eta sarean jartzen dituzue.

Guk antolatutako hitzaldiak ez dira oso jendetsuak izaten. Baina saioak ez dira hor geratzen; izan ere, grabatu eta YouTuben daukagun kanalean jartzen ditugu, osorik, hitzaldira joaterik izan ez duenak edo beste edozeinek ikusteko. Ondarea jaso eta transmisio lana egin nahi dugu.

Aurrera begira zer duzue buruan?

Hitzaldiak eta ohiko ekitaldiak antolatzen segituko dugu, eta, horretaz gain, hezkuntzan eragiteko asmoa daukagu, Asisko Urmenetak Amaiurkoari buruz ateratako komiki liburuarekin. Gazteenga nola ailegatu, gure arbasoengandik jaso dugun ondarea haientzat erakargarri nola egin da helburu bat. Oro har hedabideek-eta nabarmentzen eta hezkuntzan ere zabaltzen dituzten erreferenteak ez dira gureak, herri gisa behar genituzkeen balioak ez dituzte jasotzen erreferente horiek, eta, hortaz, badago lan handi bat egiteko alde horretatik.

Zenbatean behin biltzen zarete Urolakoen Napar Zuzterrak taldekook?

Bi-hiru astean behin. Ekitaldiak-eta ditugunean, maiztasun handiagoz. Dinamoa sormen gunean elkartzen gara. Euskal kulturaren topagune on bat da Dinamoa.

Zenbat kide zarete taldean?

6-7 lagun gaude talde eragilean. Gero, bost bat laguntzaile ditugu ekitaldiak ditugunerako. Eta beste eragile batzuekin elkarlanean ere jarduten dugu, adibidez, santioetan, Nafarroako banderaren omenaldia egiten dugunean, ikastolako dantza taldearekin eta Kantujirarekin.

Urolakoen Napar Zuzterrak-en datu batzuk:

  • Sorrera: 2002.
  • Egoitza: Dinamoa sormen gunea.
  • Harremanetarako: Manuel Agirretxe (manuagirretxe@hotmail.com), Mirari Bereziartua (mirariba@gmail.com).
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: