Kultur taldeak (14): Antxieta Musika Eskola

"Musika Eskolak herrian badu bisibilitatea, eta egonkortua dago"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko aza. 11a, 16:36
Antxieta Musika Eskolako kide batzuk, emanaldi batean.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 14. alea, Juan Antxieta musika eskolarekin. Mari Jose Bikendi zuzendariak esan du 300 ikasle pasatxo dituztela, eta eskaintza zabala. 40. urteurreneko lehen ekitaldia egingo dute azaroaren 23an, Soreasun.

Laster da musikarion eguna, Santa Zezilia: azaroaren 22an. Izango duzue zerbait prestatua…
 
Bai. Azaroaren 23an emanaldi bat izango dugu, Soreasu antzokian, 19:00etatik aurrera. Azken urteetan euskal kantuei eskaini diegu ekitaldi hori, eta aurten ere hala izango da, kantu berriago batzuei eta bertsio batzuei helduz.
 
Zenbat ikasle ariko dira orduan?
 
130-150, musika eskolakoak denak: banda gaztekoak, txistulariak, korukoak, trikitilariak… Luix Alberdiren dantza suelto eskolakoek ere jardungo dute. Gainera, 20-25 laguni ikasketa bukaerako diplomak emango dizkiegu.
 
40 urte bete ditu Juan de Antxieta Musika Eskolak.
 
Eta Soreasuko ekitaldi horretan egingo diogu keinuren bat 40. urteurrenari, argazki batzuk erakutsiz, adibidez. 40. urteurreneko lehen ekitaldia izango da. Musika eskolak 1982-1983 ikasturtean jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren aitortza ofiziala eskola modura. Aurretik Azpeitian herritar batzuk ari ziren musika erakusten klase partikularretan, eta pentsatu zen elkartu beharra zegoela, Lanean hasi, eta horrela sortu zen musika eskola, egitura bezala. Datorren urteko ekainean emanaldi berezi bat egin nahi dugu.
 
Zeuk zenbat urte daramatzazu Musika Eskolan?
 
Ez naiz zehazki akordatzen, baina esango nuke 39 urte badirela hasi nintzela.
 
Ehunka eta ehunka lagun pasatu dira eskolatik.
 
Ez dugu zifra zehatza aterata. Baina, bai, sekulako ume eta gazte pila eta beste asko pasatu da guretik. Garai batean ikasle izan zirenak orain guraso dira, eta haietako askoren seme-alabak dabiltza musika eskolan. Polita da hori ikustea, lotura eta segida bat dagoelako.
 
Zein da 40 urte hauen balantzea?
 
Motzean esanda, eskolak herrian badu bisibilitatea, eta egonkortua dago. Lan handi bat egiten da,
 
Zer eman dio Azpeitiari?
 
Gauza asko: eskaintza zabala eta aberatsa dugu, festetan parte hartzen dugu eta musika kalean izaten da… Eta gure helburu dira Euskal Herriko joera, ohitura eta tradizioak ezagutzeko aukera eskaintzea edota ikasketa profesionaletarako prestatzea ikasleak.
 
Zenbat ikasle dituzue ikasturte honetan?
 
300 pasatxo. Neskak gehiago dira mutilak baino, baina mutilak gero eta gehiago apuntatzen dira, eta ikasturte honetan asko dabiltza. Berritasun bezala, iaz 2 urteko umeentzako ildo bat ireki genuen, eta ikasturte honetan hasieratik ematen ari gara; musikaren bidez, sentsazioak eta emozioak landu nahi dira, musikarekin harreman berezi bat izan dezaten. Hirugarren adinekoak ere izaten ditugu: San Martin zentrokoak, Gautena elkartekoak eta Goienetxe fundaziokoak etortzen zaizkigu: instrumentu txikiekin aritzen dira, mugikortasuna lantzen da…
 
Perdillegin duzue egoitza, baina Soreasura pasatzekoak zarete.
 
Bai. Ikasturte hau Perdillegin egingo dugu, eta, igual, hurrena ere bai. Ederki gaude hemen, baina oso pozik gaude Soreasura joango garelako, gurekin pentsatutako espazio batean izango baikara.
 
Antxieta Musika Eskolaren datu batzuk:
  • Sorrera: 1982-1983 ikasturtea.
  • Egoitza: Perdillegi 1.
  • Harremanetarako: antxieta@antxieta.eus.
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: