Komunitate artikulatua

Bilgunearen kronologia

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2023ko ots. 15a, 16:10
'Gartxot' ikuskizuna, Soreasun, 2012an. Herri dinamika helburu, Azpeitiko kultur arloko 120 lagunek hartu zuten parte.

Azpeitiko kultur eragileek 1998an sortu zuten lehen bilgunea: Uztarria Kultur Koordinakundea (komunikazioa eta euskara ziren beste ardatzak). 2006an, bilgune espezifikoagoa eratu zuten: Kultur Mahaia. Herri gisa pentsatzea eta aritzea da helburua. Asko aurreratu da.

Azpeitiko kultur taldeen eta udalaren 1998 aurreko eta ondorengo jardueraz gain,

1998. Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrera. Arloak: euskara, komunikazioa eta kultura. Kideak: arlo horietako taldeak eta norbanakoak.

1998. San Agustin eliza kultur erabilerarako izateko erabakia udalak.

1999. Kultura arloan, Uztarriak kultur etxearen (Basabazal jauregia) proposamena. Horrez gain, kultur agenda hilero, Kulturaldia urtero…

2005. Soreasu berrituaren proiektua udalak. Soreasun kafe antzokia sortzeko proposamena Uztarriak (2003tik zeukan herrian kulturgune bat irekitzeko asmoa).

2006. Kultur Mahaiaren sorrera, otsailean. Kideak: kultur taldeak, udal taldeak eta norbanakoak. Helburua: herri gisa pentsatzea eta aritzea.

2007. Kultur Mahaia martxa iraunkorrean: funtzionamendua (barne araudiak, tresna juridiko gisa elkartea —2009—, Talde Eragilea, bazkideak), eta lan arloak (azpiegiturak, komunikazioa, programazio irizpideak).

2008. Uztarria Kultur Koordinakundearen desegitea, "helburuak beteta". Kultur arloan bilgune nagusi Kultur Mahaia izatea ahalbidetu zen. Geroztik Uztarria, komunikazio taldea. (2020tik, Urolako Komunikazio Taldea kooperatiban).

2009. Kultur Mahaiak herriko kultur programazioaren irizpideak onartu zituen. Asmoa: taldeen eta eragileen lankidetzarekin orekak bilatzea.

2009. Lapikue.net kultur webgunearen sorrera, abenduan. 2012ko ekainean, Kultur Mahaia Uztarria.eus/kultura-n biltzen hasi zen kultur berriak, Uztarria eta Urola Kostako Hitza-rekin elkarlanean.

2010. Eskuko kultur agendaren 1. zenbakia, urrian. Hilerokoa. Sei urteko ibilbidea.

2010. Sanagustin kulturgunearen irekiera udalak, abenduan. Aurretik, Kultur Mahaiaren hainbat ekarpen gauzatuak.

2010. Sanagustin osatzeko proposamena onartu zen Kultur Mahaiko batzarrean, abenduan, eta udalari deialdi publikoa ateratzeko eskatu zion. Udalak onartu egin zuen deialdia ateratzea.

2011. Soreasu antzokiaren irekiera udalak, gunea berrituta erabat.

2011. Sanagustin osatuaren irekiera, uztailaren 22an. Udal lehiaketa aterata, Kultur Mahaiak kudeatuta, Sanagustin kooperatiba sortuta (geroago, Kulturaz izenpean). Udalarekin kontratua.

2012. Gartxot ikuskizuna antolatu zuen kultur komunitateak, herri dinamika helburu. 120 lagunek hartu zuten parte. Geroztik, antzeko beste ekinbide batzuk; esate baterako, 2014an Badator Olentzero, 80 parte hartzaile baino gehiagorekin, edota musika arlokoen emanaldi jendetsuak (banda, musika eskola, abesbatza, tarteka Argazki Elkartea...).

2012. Kultur komunitatearen blog 'korporatiboaren' sorrera, oinarrizko informazioa jasoz. 2022tik, Uztarria.eus/Bereziak/Azpeitiko-kultur-komunitatea-n.

2012. Kultur Mahaiak sormenari eta transmisioari buruzko gogoeta eta asmoak.

2012. Kultur bonoaren sorrera Kulturazek.

2014. Soreasu antzokiaren kudeaketa hartu zuen Kulturazek, udal lehiaketa aterata. Udalarekin kontratua.

2015. Azpeitiko kultur eremuaren argazkia azterketa Kultur Mahaiak eta Kulturazek.

2016. Sanagustinen inpaktu kultural, sozial eta ekonomikoaren Kulturmetria azterketa Kultiba eta UPR enpresek. 2021ean ere bai, Kultibak. Eragin handiko proiektutzat jotzen da.

2016. Dinamoa sormen gunearen lehen pausoak Soreasuko gunean, hitzaren eremuarekin. Kultur Mahaiak eta Kulturazek kudeatuta. 2019tik, jarduera osatuagoa (eremuak: hitza, irudia, gorputza, soinua). Dinamoaren irekiera ofiziala, 2021ean.

2021. Udalak (aho batez onartuta udalbatzarrean) eta Kulturaz kooperatibak lankidetza hitzarmena, Sanagustin, Soreasu eta Dinamoaren ustiaketarako.

2021. Mahaiak tresna juridiko gisa 2009an sortutako Kulturzale elkartearen desegitearen erabakia, bazkideen ezohiko batzarrean, uztailean. Beste fase batean sartzeko hautua.

2021. Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrena. Herri Batzordearen sorrera ospakizunerako. Kideak: Kultur Mahaia, Kulturaz, udal taldeak eta norbanakoak.

2022. Kultur Mahaiaren batzarra, berregokitze eta indarberritze prozesuari bukaera emateko. Oinarrizko gauzei (ber)rekiteko erabakiak: kultur taldeekin etengabeko harremana, formakuntza, komunikazioa, komunitatea zabaldu, lau eremuak ja abian eta erabakiguneak ireki, edota herri dinamikak sustatzeko ekinbideak.