Komunitatea eguneratzeko eta zabaltzeko neurriak hartu ditu Kultur Mahaiak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2021ko uzt. 26a, 16:55
Kultur Mahaiaren Kulturzale elkarteak zapatuan egin zuen bazkideen ezohiko batzarreko irudia.

"Birmoldaketarako", bazkideek bi neurri hartu dituzte ezohiko batzarrean: tresna gisa zegoen Kulturzale elkartea desegitea, eta, azpiegiturei buruzko Udala-Kulturaz hitzarmenaren ondoren, berriz ere oinarrizkoak diren ildoei eustea edota berriei ekitea.

Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kulturzale elkarteko bazkideek komunitate artikulatuaren "egiturak gaur eguneko egoerara egokitzea" eta arloa gehiago indartzeko eta hedatzeko asmoz fasea abiatzea erabaki zuten joan zen larunbatean, ezohiko batzarrean. Martxoan izan zen urteko ohiko bilkura, eta han erabaki zen planteamendu zehatz bat egitea ezohiko batzarrerako.

Puntu bakarra zeukan larunbateko hitzorduak: "Azpeitiko kultur komunitate artikulatuaren birmoldaketa". Besteak beste, Kulturzale elkartea desegitea proposatu zenez, horrek, estatutuek hala aginduta, bazkideen ezohiko batzarra egitea eskatzen zuen. Dinamoa sormen gunean izan zen, eta ia aho batez onartu zen birmoldaketaren proposamena.

Filosofia berarekin

Dokumentuan esaten da ez dela aldatuko kultur komunitatearen azkeneko dozena pasa urteko filosofia. "Azpeiti eta Euskal Herri bizi baten ardatz kultura, euskara eta herri ekimena izatea nahi dugu. Nor izateko bidean, ezinbestekoa da elkartu eta kultura politiko zabal bat ereiten jarraitzea, eta herri gisa aritzea. Kultur taldeen, norbanakoen eta udalaren jarduera garrantzitsuaz gain, modu bateratuan pauso handiak eta estrategikoak eman ditugu herrian".

Herriko kultur mugimendua "altxortzat" jotzen da, eta nabarmendu "garrantzitsua" dela horri eustea. "Era berean, funtsezkoa da kultur komunitatea gehiago biziberritzea eta zabaltzea. Berriz ere ahalegin bat egitea tokatzen zaigu, komunitatea birmoldatuta eta ildo batzuei (berriro) ekinda".

Bi neurri

Bi neurri hartu dituzte Kultur Mahaiaren elkarteko bazkideek. Batetik, herri egiturak egokitze aldera, Kulturzale elkartea desegitea. Kultur Mahaiko batzar batean erabaki zen Kulturzale sortzea (2009tik egon da), mahaiaren tresna juridikoa izan zedin diru laguntzak eskatzeko, teknikaria hartzeko edota, 2011n, Sanagustineko lehiaketara aurkezteko. "Orain ez da beharrezko jotzen; eta, behar izatekotan, hor dago Kulturaz kooperatiba". Gainera, urteen poderioz, ikusi da Kulturzale elkartearen eta Kulturaz kooperatibaren artean duplizitate administratiboak, formalak edota bazkidetzakoak sortu direla, eta hori saihesteko ere erabaki da Kulturzale elkartea desegitea.

Larunbateko batzarrean hartutako beste neurria, kulturako bilgunetik berriz ere oinarrizkoak diren ildoei eustea edota berriei ekitea da. Egin izan dira kultur egutegi orekatuaren lanketa eta kultur arloaren argazkia, baina azkeneko hamarkadan bultzatutako hiru egitasmo handik asko baldintzatu dute haren dinamika: Sanagustin kulturguneak, Soreasu antzoki berrituak eta Dinamoa sormen guneak. Udalak eta Kulturaz kooperatibak aurten hiru azpiegitura horiei buruzko lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Ondorioz, mahaiko zuzendaritzatik ikusi da pausoak eman behar direla kultur taldeekin harreman iraunkorragoa izateko, norbanakoak kultur komunitatean barnebiltzeko, eremua biziberritzeko edota ekinbide zehatz txikiagoei eusteko.

Irailetik aurrerako lanak

Irailetik aurrera, Kultur Mahaiak Kulturzale elkartearen desegitea gauzatzeko Kitapen Batzordea sortuko du; elkarteko zuzendaritzako kideek osatuko dute. Bestetik, kultur foroko edo mahaiko (izena zehaztuko da) batzorde dinamizatzailea eratzeko pausoak emango dira, baita 2022ko plana egiteko ere. Urte bukaeran bilkura zabala egingo da.