Matxinoak, Matxinada!

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Kultur Mahaia | Kultura
2018ko urr. 11a, 14:32

Azpeitiko Kultur Mahaiak gidatuta, Imanol Eliasen Matxinada ikuskizuna emango dugu urriaren 27an Soreasu antzokian, 22:00etan, Azpeitiko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak irekitzeko.

Entsegu bateko irudia. (Azpeitiko Kultur Mahaia)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Matxinada ikuskizuna Imanol Elias idazle eta antzerkigile azpeitiarrak idatzitako antzezlan musikatu bat da. Idatzi ostean, urte luzez gorderik egon zen, berak buruan zuenaren arabera taularatzea kontu zaila suertatu baitzitzaion (abeslari eta musikari profesionalak ekarri nahi zituen, besteak beste). Elias 2013an zendu zen, eta Matxinadaren ikuskizuna taularaturik ikusi ezin izanaren pena eraman zuen berarekin.

Gariaren Matxinada deiturikoa Azkoitian eta Azpeitian gertatu zen, jauntxoek gariaren prezioa igo eta herritarrak matxinatu zirenean. 1766. urtean gertatutakoak ederki kontatu zituen Iñigo Aranbarrik Apirila eleberrian. Duela urte pare bat, gertaeren 250. urteurrena izanik, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak hainbat ekimen antolatu zuten urteurren hori gogoratzeko eta ospatzeko, herriko historia ezagutarazteko helburuz. Efemerideak animaturik, Eliasek idatzitako antzezlanari heldu eta hura taularatzeko erronkari heldu zion Azpeitiko Kultur Mahaiak, herriko sortzaileekin egiteko eta ondo egiteko modua zegoela sinistuta.

Abiatu bai, abiatu genuen. Unai Frantzesena doinuak prestatzen hasi zen, Alaitz Olaizola gidoia egokitzen, aktore lanetarako jendea lotzen hasi ginen. Asko luzatu zaigu dena, bi urte alajaina, baina heldu da eguna. Azken hilabeteotan ikuskizuna prestatzen ari gara dozenaka herritar. Datorren urriaren 27an taularatuko dugu, azkenean, Matxinada, Soreasu antzokian, 22:00etan. Herri antzerkia izango da, herriko talde eta norbanakoek antzeztua: Olatz Prat, Felipe Murillo, Itziar Oiarzabal, Luis Mari Galdos, Jon Gurrutxaga, Ignacio Arakistain, Jaime Amenabar, Josetxo Brey, Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria, Iban Amenabar, Iñaki Odriozola, Gaizka Larrañaga eta Iñigo Antsorregi. Horiez gain, Azketa ahots taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Udal Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Itsasi dantza taldeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak ere parte hartuko dute emanaldian. 100 lagun inguru izango dira oholtzan.

Ikustekoa izango da.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu