Gaur amaituko dira 'Sormena zertarako?' jardunaldiak Dinamoan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2018ko api. 26a, 14:09

Asteartean AZALAko Idoia Zabaleta izan genuen Dinamoan euren proiektua aletzen. Atzo, berriz, Koldo Izagirre idazlea etorri zitzaigun Urola eskualdean sormena nola eta zertarako landu behar den azaltzera. Gaur amaituko ditugu jardunaldiak, Euskal Herriko hiru sormen gunetako kideekin egingo dugun mahai-inguruarekin: Sormena zertarako?

Arabako Lasierra herrian dago AZALA, Miranda de Ebrotik eta Gasteiztik 18 kilometrora, Madriletik eta Kataluniako mugatik 350 kilometrora, Parisetik eta Tangerretik 1.000 kilometrora; "erdi-erdian gaude", esan zuen Idoia Zabaletak. Izenaren zergatia esplikatu zigun, proiektuaren orain arteko ibilbidea, aurrera begirako asmoak. Aberasgarria bezain argigarria egin zitzaigun, alde askotatik.

Koldo Izagirrek Bartzelonan ikusi eta ikasitakoarekin hasi zuen hitzaldia, zer bihurtu den kultura, zertarako nahi duten hagintariek, zertarako behar duten kulturaren teknokratek. Teknokraten ereduari Okzitaniako Tolosan bizi izandakoa kontrajarri zion, Arnaud Bernard plazan sortu zen mugimendu bizia, Zebda taldea, Gramat karrika, liburu dendak, hitzaren balioa, autoerakundetzea. Eta nola joan zen gainbehera: "Badakizue, dena hasten da alokairuaren prezioaren garestitzearekin".

Gaur amaituko ditugu jardunaldiak, hiru sormen gune hobeto ezagutuz: Donostiako Tabakalera, Iruñerriko Huarte Zentroa eta Hendaiako Borderline Fabrika. Bakoitzetik kide bat etorriko zaigu euren eredua, helburuak, lan egiteko modua azaltzera, eta mahai-ingurua irekiko dugu ostean.

Kezka izaten dugu maiz, zertan ari gara, zertarako da hau, zeinentzat da, zeini egiten dio mesede, balio dio inori? Sormenak zer ahal du, zertarako izan behar du? Denbora pasa hutsa, mundua aldatzeko tresna, zer izan behar du? Eta zer izan daiteke? Nondik abiatzen gara, eta nora heldu nahi dugu? Galdera horiek edo beste batzuk planteatzeko parada izango dugu, publikoki, taldean, 19:00etan, Dinamoan.