Sormenari eta sormen guneei buruzko jardunaldiak hartuko ditu Dinamoak hilaren 24tik 26ra

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2018ko api. 13a, 19:08

Bi hitzaldi eta mahai-inguru bat izango dira, Sormena zertarako? Soreasuko Sormen Gunearen atariko hausnarketak izenarekin egingo diren jardunaldietan. Idoia Zabaletak, Koldo Izagirrek, Ane Agirrek, Oskia Ugartek eta Ixabel Milletek parte hartuko dute.

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Udalarekin elkarlanean, Soreasuko eraikinean Sormen Gunea egiteko proiektua aurkeztu zuen 2017ko uztailean. Lau eremutan banatu dugu Sormen Gunea: Hitza, Irudia, Arte Eszenikoak, Soinua. Eremu bakoitzak bere espazioa izango du. Lanerako tokia izango da, sortzaileentzakoa. Laster hasiko dira eraberritze lanak, eta ondo bidean 2019ko udaran bukatuko dira lan horiek. Beraz, 2019ko udazkenean jarriko da martxan Sormen Gunea. Momentuz horko lokal bat daukagu irekita eta martxan, probak egiteko eta gauzak antolatzeko, Dinamoa.

Eraberritze lanak bukatu bitartean, Azpeitiko Kultur Mahaiak bi erronka ditu: batetik, dinamika indartzea eta komunitatea artikulatzen joatea (tailer, ikastaro eta abarren bitartez); eta bestetik, Sormen Gune horren nolakotasuna zehazten joatea: erabilera irizpideak, ardatzak, funtzionamendua, kudeaketa...

Hausnarketa hori abian jartzeko beste leku batzuetako ereduak ezagutu nahi ditugu, beste sortzaile batzuen ikuspuntuak, eta horretarako antolatu ditugu jardunaldi labur hauek. Hau da hiru egunetan Soreasuko Dinamoan eskainiko dena:

  • Apirilak 24, asteartea. 19:00etan, hitzaldia: Azalaren izenean. Idoia Zabaletak emango du; 2008az geroztik, Juan Gonzalezekin batera, arte egoitzetarako eta sormenerako AZALA espazioa eraiki eta kudeatzen du, Arabako Lasierran, bera bizi den herrian bertan.
  • Apirilak 25, asteazkena. 19:00etan, hitzaldia: Urola, indar trantsizioa, Koldo Izagirre idazlearen eskutik.
  • Apirilak 26, osteguna. 19:00etan, mahai-ingurua: Sormena zertarako, eta nola? Parte-hartzaileak: Ane Agirre (Tabakalera), Oskia Ugarte (Huarte Zentroa) eta Ixabel Millet (Borderline Fabrika).