Alaitz Alberdi: "Aurrez ezagutzen ez nituen hainbat talde ezagutzeko aukera izan dut"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko urr. 1a, 11:41

Irailaren 25ean aurkeztu zuen Alaitz Alberdik (Azpeitia, 1982) bere azken erakusketa, Gasteizko Zuloa kulturgunean. Iban Zalduaren Biodiscografías libururako egindako ilustrazioetatik abiatutako lana da, diskoen portadak oinarri dituena. Bere lana ezagutzeko tartetxoa hartu dugu.

Nondik sortu zen elkarlanerako ideia?

Iban Zalduaren Biodiskografiak (Erein, 2011) liburua gaztelaniara itzultzeko aukeratik abiatuta, eta Mikel Ayerbe laguna tarteko, diskoen portadak ilustratzeko aukera sortu zitzaidan gaztelaniazko ediziorako. Euskarazko edizioan, 41 Pop Rock diskoren portada orijinalak agertzen dira, 41 ipuinek jarraitzen dituztenak. Biodiscografías (Páginas de espuma, 2015) gaztelaniazko edizioan berriz, 22 diskoren (Nick Drake, Pink floyd, The Jam...) bertsioak egin ditut, ipuinetan zein diskoetan oinarrituta.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Ederra izan da, aurrez ezagutzen ez nituen hainbat musika-talde ezagutzeko aukera izan dudalako. Teknika ezberdinak erabili ditut, collage digitaletik hasi, eta serigrafia, tinta txina… batzeutan diskoak entzunez, eta besteetan ipuinean zentratuz egin dut sormen lana.

Liburuko ilustrazioez gain, lanaren erakusketa ere jarri duzu. Zein da honen helburua?

Lanak beste formatu batean ikustea da erakusketaren helburua, formaz aldatuta, koloretan (liburuan zuri beltzean dira), euskarri ezberdinetan, binilo, kamixeta...

Zer ikusi ahal izango du erakusketa bisitatzen duenak?

Erakusketara doanak 22 diskoren portaden bertsioak ikusi ahal izango ditu euskarri ezberdinetan, eta ilustrazioak ulertu ahal izateko ipuinak irakurtzea komeni da.

Nolakoa izan zen erakusketaren aurkezpena?

Joan den ostiralean, irailak 25, 20:00etan inauguratu genuen erakusketa Gasteizko Zuloa Irudia espazioan. Lagunartekoa izan zen aurkezpena. Eta azaroaren 25era arte egongo da ikusgai bertan.

Aurrera begira, zer asmo dituzu lan honekin?

Biodiscografías liburua urriaren 7an argitaratuko da, eta momentuz ez dugu erakusketa beste inon egiteko planik.