Itsasoaren haziak liburu bihurtuta

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko ira. 30a, 20:19

"Itsasoak hazi batzuk uzten zituen nire baitan, eta gero etxera joaten nintzen, eta han edukitako ideia edo bisio horiek poema bihurtzen nituen". Horrelaxe azaldu du Pako Aristik (Urrestila, 1963) Urari ostutako poemak liburu argitaratu berriaren mamia. Itsasoa bezala, gizakiok ere aldakorrak garela nabarmendu du.

Gaur aurkeztu du Pako Aristik Susak argitaratu duen bere azken liburua Donostian. Itsasoa du liburuak izenburuan eta itsasoa du jatorrian ere. Getaria inguruetan bildu ditu poematara iritsi diren haziak. Goizero Getaria inguruan egiten dituen paseoetan. Eta Ketarri tabernan. Otsailean itsasoak eraman zituen arte han zeuden liburuetako baten irakurketan ahalegin berezia egin baitzuen poesia egiten ikasteko: Tomas Transtromer poeta Nobel sariduna irakurtzen aritu baitzen, prentsaurrekoan agertu duenez.

Itsasoa aldakorra da, mendia ez bezala, eta gizakiak ere aldakorrak gara, Aristiren esanetan. Iragankor edo aldakor izate hori ez onartzeak ekartzen ditu, gainera, bere ustez, gaur egungo gizarteko min gehienak: "Berez iragankorra dena egonkor bihurtu nahi izatetik datoz gure min gehienak"..."Horretarako daude sortuta tradizioak, erakundeak, instituzioak, eskolak, ditugun rito guztiak, festak, lagun artean astero-astero egiten ditugun afariak... hori egiten dugu, inpresioa egiteko ezer ez dela aldatu. Baina, gero, deskubritzen duzu zure energia ere mugatua dela. Eta liburuan egiten den galdera garrantsitsu bat horixe da: nire energia mugatua baldin bada, zer dago niregan mugatua ez dena?"

93 orrialdetan bildutako 43 poemetan galdera hori eta gehiago ere topatuko ditu irakurleak. Azpeitiko liburutegian aurki egongo da eskuragarri. Herrian liburu dendarik ez dago, baina interneten eros daiteke Susaren webgunean. Egin klik, hemen.