Eraiki dira zubiak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko ots. 10a, 13:30

"Ez dugu zuek bezalako egoitzarik, eta ezta dinamikarik ere, baina... gazta oso ona dugu!". Mixel Etxekoparren hitzak dira, Hebentik Kultur Elkarteak Azpeitiko Kultur Mahaia Maulen gustura hartuko duela erakusteko esanak. Zubi sendoak eraiki ziren atzo, igandea, Hebentiken eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren artean. Pilotan, dantzan, bazkaritan eta kantuan, egun osoa elkarrekin pasatu ostean, argia da ondorioa: eraikitako zubiei ezin zaie erortzen utzi. 

Pilotarhitza ikuskizuna zen aitzakia. Pilota, dantza, musika eta bertsoa nahasten dituen ordubete inguruko saioa. Egunari bukaera emateko modu ederra izan zen. Baina, ekimenik ikusgarriena bera bazen ere, Etxekoparrek argi esan zuen, beraientzat hura bezain garrantzitsua izan zela plaza bete jende dantzan ikustea, eta baita haurrekin pilotaren sorrerari buruzkoak elkartrukatu, eta haiekin jolasean aritzea ere.

10:00etarako Azpeitian ziren, eta aurreneko lana, Frontoi Txikira joatea egin zuten, han zain zituzten sei mutil kozkorrei jolastuaz erakusteko. Paretarik ez zenean, mendian artzain zeudenek pilota nola asmatu zuten azaldu zieten, besteak beste, Michel Iturria zesta puntalari ohiak eta Etxekoparrek berak. Zilindro formako egur pusketa batekin eta makilekin, hura zuloan sartu nahin batzuk, eta sartzea galarazten besteak, korrika saio ederrak egin zituzten. Hotz zen frontoia, baina berotu ziren.

Handik plazara jo zuten. Eguneko unerik ederrenetakoa izan zen han, Itsasiko dantzari batzuk, Sahatsakoak, eta Ikastolan aritzen diren guraso taldeko kideak ez ezin, herritarrak eta kanpokoak ere gerturatu ziren, tartean Zarauzko lagun talde bat. Batzuk dantzan, eta besteak begira -inbidiatan asko-, saio luzea egin zuten. Grabatutako musika prest zuten, baina Etxekoparrek xirula ere jo zuen.

Xirula jo eta dantza egin ez ezik, amets bat elkartrukatzeko saioa ere egin zuen Etxekoparrek. Donibane bezperan, gure sanjuan bezperan, mendian sua piztu, eta suaren bueltan abestuz dantzatzen den soka dantza bat erakutsi zien plazan zeudenei, egunen batean, Azpeitian "edo Azkoitian bederen" halakoren bat ikusteko modua izango duen itxaropenean. Urrestilan egiteko intentzioa sortu zien gutxienez batzuei. 

Gosea ondo eginda eseri ziren bazkaltzera, 30en bat lagun. Hebentikekoak, Azpeitiko Kultur Mahaikoak, dantzan aritutakoak, kanturako gogoz etorriak... Elkarren euskalkietara belarria egin, eta solasaldi ederrak izan ziren. Hebentikeko kideek kontatu zuten nola duten lehen tranbia geltokia zen egoitza txiki bat duten Maulen, zirkuitu ofizialetatik kanpo aritzen direla normalean, Xora filma egitea erronka handia izan zela...

Eta noski, nahiko jan eta edan ostean, kantua izan zen mahaiaren bueltan. Kantua, eta berriz dantza ere bai. Denek abestu zuten, irakurrita zein buruz. 

Pilotarhitza ikuskizunarekin amaitu zen eguna. Zubien lekuko, agertoki gainean azpeitiarrak ere izan zituzten. Iñigo Ibañez eta Jon Ander Iriondo bertsolagun izan zituzten. 

Hala amaitu zen eguna, Maulen elkar ikusteko hitza elkarri emanda.