Astearte honetan Amets Arzallus 'Aho bizarrik gabe' solasaldian, Sanagustinen

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko urt. 6a, 17:40

Euskal Herriko bertsolari txapeldun berria izango dugu hurrengo gonbidatua (urtarrilak 7, Sanagustin kulturgunea, 19:00), bertsolaritzaz, kazetaritzaz, Iparraldeko egoeraz eta abar hitz egiteko. Kultur Mahaia-Sanagustinek, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak otsailean ekin genion jende ezagunarekin solasaldiak antolatzeari. Orain arteko bost saioak: Martxelo Otamendi / Juan Jose Ibarretxe / Benito Lertxundi / Maddalen Iriarte / Jose Maria Setien.

Estitxu Elduaien azpeitiar kazetariak egingo dizkio galderak. Dena dela, sare bidez herritarrek aurrez galderak bidaltzeko aukera dago; galderak ahobizarrikgabe@gmail.com helbidera bidali behar dira.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako irabazlea datorren urtarrileko Aho bizarrik gabe solasaldi saiora ekartzea zen gure helburua, mugimenduak egiteko tarte handirik ez genuen arren. Amets Arzallusek irabazi zuen txapela abenduaren 15eko finalean, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko lagunen bidez egin genion Azpeitiko solasaldira etortzeko gonbidapena, eta berehala eman zuen baiezkoa. 

Hendaiakoa da Arzallus –aita Goiazkoa du–, eta 30 urte dauzka.

2014-01-09: Amets Arzallusen solasaldiaren kronika