Kultur Mahaiak azpeitiar sortzaile norbanakoekin harremana hasiko du

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2013ko urr. 28a, 16:45
Kultur Mahaiko taldeen urriaren 3ko batzarrean erakutsi genuen koadroa.

Bihar (asteartea) aurreneko bilera egingo dugu kultur taldeetan ez dauden lagunekin: Sindikatu Zaharrean, 19:30etik aurrera. Sortzaile norbanakoen ekarpenak ere jaso nahi ditugu.

Azpeitian 22 kultur talde daude, eta Udalak eta beste elkarte batzuek ere antolatzen dituzte kultur ekimenak. Gainera, kultur taldeetan ez dauden norbanako sortzaileak ere asko daude. Kultur diziplina ugari jorratzen dute azpeitiar norbanako sortzaileek ere, eta hori beti da aberasgarri.

Azpeitiko Kultur Mahaia 2008tik dago lanean modu iraunkorrean, eta orain arte, batez ere, kultur taldeekin edo taldeei begira aritu izan da lanean. Alde Zaharreko Mahaian ere hasi ginen parte hartzen (hortik sortu zen Azoka herritik ekimena). Orain norbanako sortzaileekin ere lan egiten hasi nahi du. Udalak ere helburu bera du. Jakin nahi dugu zer kezka dituzten, haien lanak-eta erakusteko zer aukera dauden, zer proposamen dituzuen…

Ondorioz, Udalak eta Kultur Mahaiak kultur sortzaile norbanakoekin egoteko bilera ireki bat antolatu dugu (haietako hainbati deialdia zuzenean egina diegu. Deialdia jaso ez duen sortzaile norbanakoak ere izango du azaltzerik, jakina):

- Urriaren 29an (asteartea).

- Sindikatu Zaharrean.

- 19:30ean.

- Helburua: lehen hartu-emana izatea norbanako sortzaileekin, eta aurrera begirako pausoez hitz egitea.

Sormenari garrantzia

Iazko urte bukaeran gogoeta bat egin eta abenduko ohiko batzarrean erabakia hartu ostean, Kultur Mahaia sormen arloa lantzen ari da, besteak beste. Aurten jadanik izan dira sormen aldetik berrikuntza batzuk (Azoka herritik, talde batzuen zenbait ekitaldi) eta 2014an plangintza espezifiko bat jarraituko du Kultur Mahaiak. Gauza berriak edo gauzak egiteko modu berriak hartzen ditugu aintzat, egiten den guztia errespetatuz betiere.

Bide horretan, uste dugu azpeitiar sortzaile norbanakoek ere zeregin garrantzitsua bete dezaketela.

Azpeitiko kultur komunitatea

- 22 kultur talde daude Azpeitian, eta kulturako ia eremu den-denak jorratzen dituzte. Guztiak Kultur Mahaiko kide dira.

- Herrian dauden 22 kultur taldeetan kide, partaide, ikasle edo irakasle bezala, 1.000-1.050 lagun dabiltza.

-  Kultur ekitaldiak antolatzen dituzten beste eragile batzuk ere badira: udala, Sanagustin, Gaztetxea, ikastetxeak, Baigera, auzoetako-eta festa batzordeak...

- Taldeetan ez dauden kultur sortzaile asko dago Azpeitian: margolariak, idazleak... Publikoki ezezagunak gehienak. Haiekin ere hartu-emanean hasiko da Kultur Mahaia.

- Ia 400 bazkide ditu Kultur Mahaiak. Egin zaitez bazkide; urtean 10 euro baino ez dira, eta zozketak izango dituzu.