Aupa, Beñat! Aupa, Jokin!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2013ko urr. 22a, 14:39

Beñat Lizasok eta Jokin Urangak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bosgarren kanporaketako saioan kantatu zuten, zapatuan (urriak 19). Hau, Joxin Iturrioz-ek saioari buruz egindako kronika duzue:"Ilusioz joan ginen Legazpiko saiora. Bi azpeitiar genituen parte-hartzaileen artean. Bertso-eskolako bi lagun. Jokin eta Beñat, Beñat eta Jokin". 

Jokinek badu bidea Txapelketa Nagusian. Ezin zaigu ahaztu finalaurrekoetan bederatzigarren egin zueneko hura, finalaren atari-atarian geldituz. Oraindik eman beharra dauka, eta zergatik ez, zortzigarren edo aurrerago geratu. Baina horretarako kanporaketa gainditu beharra zegoen. Beñatek, oker ez bagara, lehen aldia zuen Txapelketa Nagusian, baina inoiz baino indartsuago ikusi dugu Beñat. Eta finala hitz potoloa baldin bada ere, zergatik ez saio on bat egin, eta aurrera. Gero gerokoak, baina saiatu beharra dago. Animo, beraz!

Bertsozaleekin baino, bere buruarekin izango du Beñatek zorra. Ondo aritzearena, alegia. Emateko baduela. Eta hori saio on bat eginez sinestaraziko dio bere buruari. Puntuei begiratu gabe, eta entzuleria bereganatuz. Garbi azaldu du hori agurrean: “bertsotan ez det egin nahi epaileentzat bakarrik”. Jokinek ere entzuleei eskaini die agurra: “dugun guztia emango dugu zuontzat”.

Dagoeneko berotuta geunden, eta irrikaz. Beñat Mantxirekin tokatu zen zortziko nagusian. Biak gurasoak, hiri handitik herri txiki batera joanak, eta seme-alabak gusturago sumatzen dituztenak. Ondo aritu da Beñat, bertsoa ondo josiz, eta arrazoiak luzatuz: “hemen kalera irten daitezke baimenik eskatu gabe” eta “hemen guztiok lagunak gara, ez bizilagun bakarrik”. Jokini Ainhoarekin tokatu zitzaion. Biak herri harresian zeuden, poliziaren sirena hotsak gero eta ozenago entzuten zirelarik. “Ezin gaituzte mugitu eta eutsi zaidazu gogor” luzatu zuen Jokinek lehen bertsoan, saio txukuna osatuz.

Zortziko txikian elkarrekin Beñat eta Jokin. Ondo ezagutzen dute elkar, eta hori nabarmentzen da. Beñatek eta Jokinek autoa txandaka eramaten zuten lanera. Beñatek gidatzen zuen guztietan, Jokin lokartu egiten zen. Eta begiak ixten ari zitaizkion. “Nerekin konfiantza gehiegi daukazu” bota zion Beñatek. Jokinek joan etorrian ordubete eta lanean hamar ordu ematen dituztela elkarrekin esan zion, “neskarekin ere ez naiz hainbeste egoten” bukatuz. Eta azken bertsoan irratian Sukiaren bertso-programa sintonizatu zuen Jokinek, eta “iso, Jokin bertsotan hastera doa ta” erremate ezin egokiagoa eman. Saio polita oso.

Puntuen erantzunetan Beñat ondo. Nafarroa Oinez aurten Tuteran zela aipatu zioten, eta hirugarrengo bertsoan “Ezinbestekoa da jendearen lana” lehen puntuari “har dezatela hemendik besarkada bana” amaitu zuen Beñatek. Jokini osasunaren gaia luzatu zioten, “Ezin gara gaixotu dirurik ezean” lehen puntuari “gure bizitzarekin dabiltz jolasean” egoki erantzunez. Bigarrengoan ez zuen asmatu, eta hirugarrengoan “Berriz hasi beharko senda-belarrekin” puntuari “askotan oroitzen naiz gure amonarekin” esanez hunkitu gintuen.

Hamarreko txikian Beñat Oihanarekin egokitu zen. Saio txukuna egin zuela, besterik gabe, esango genuke. Ondoren Igor eta Jokin. Agian saiorik onena osatu zuten bien artean. Igor eta Jokin emakumeak ziren. Ama izan nahian, tratamenduan hasi ziren aspaldi. Jokinek Igorri haurdun zegoela adierazi zion. Igorrek oraindik ez zuen lortu. Bigarren bertsoan “ta lehen ez dizut esan, zorionak neska” bota zion Igorrek Jokini, eta honek “laster nik ere zuri berdin esatea” opatu zion. Igor ama ez izanez gero “behintzat izan nahi nuke ama pontekoa” eta Jokinek “etorri behar duna ondo etorri dadila”. Esan bezala, agian ofiziorik ederrena osatu zuten.

Kartzelakoa zen hurrengo ariketa. Ordura arte maila ederrean aritu ziren biak, eta aukera ezin hobea zuten aurrera egiteko. Baina oraindik kartzelakoa falta. Eta hor izaten dira ezberdintasun handienak. Kartzelako gaia “Pozik zaude horrenbeste jende zoriontsu egitea lortu duzulako” suertatu zitzaien. Beñatek bertsolariaren ikuspegitik hartu zuen. Lehenengoan sufrimendua aipatu zuen. Bigarrengoan “bai baitakit etxekoek nik aina poz daukatela” bukatu zuen, eta hirugarrengoan “batzutan zein polita den bertsolari izatea”. Txukun Beñat, saio osoan zehar. Helburuak bete ditu. Erakutsi dio entzuleriari eta bere buruari eman dezakeela. Animo, Beñat!

Jokinek sendagile paperetik hartu zuen gaia. Lehenengo bertsoan “esku hauekin sendatu baitet pertsona askoren bizitza” bukatu zuen. Bertso polita, baina zalantza geure barnean: ez al du bidea itxi lehen bertsoan? Bigarrengoa, ederra, sendagilearen mina aipatu zuelarik: “ia gehienak sendatu arren, denak sendatu ezina”. Hirugarrengoan naturari uzten dio bizitzaren erabakia har dezan. Bertso politak Jokinenak. Lehenengoa hirugarren kantatu izan balu, eta hirugarrena lehenbizi, are ederragoa, gure ustez.

Baina azaldu beharrekoa eginda zegoen. Kinielaren ordua zen. Ziur aski Igor izango zen irabazle. –Bigarren Jokin. –Eta Beñat hirugarren. –Beñat hirugarren? –Ondo aritu da, saio txukuna egin du, erori gabe. Jokinek hamarreko txikian hartuko zion gaina. Besteak Beñaten azpitik izango dira. –Ez da posible! –Baietz bada! –Baina...

Eztabaida sari banaketak eten zuen. Eta agurrek. Beñatek alaba txikiari eskaini zion saioa: “bertsoa baino nahiago baitet bere irripar txiki bat”. Eta ondoren puntuaketa etorri zen. Lehen, Igor Elortza. Bigarren... Beñat Lizaso. Elkarri begiratuak. Bai, Beñat Lizaso. Merezita, gainera. 643 puntu. Matematikoki finalaurrekoetan. Aupa, Beñat. Hura poza! Hirugarren, Jokin Uranga. Aupa, Jokin. Oiongo saioaren zain egon beharko du, baina ia segurutzat eman daiteke finalaurrekoetan izango dela. Oiongo bosgarrenak Jokinen puntuaketa gainditu beharko luke, eta hori oso zaila delakoan gaude, saiorik onena izanda ere. Beraz, animo, Jokin!

Okerrik ezean, bi azpeitiar, bertso-eskolako bi lagun, izango ditugu finalaurrekoetan. Baditugu bi arrazoi gehiago txapelketaren jarraipena egiteko. Noiz eta non izango diren ez dakigu, baina egutegia eta mapa begiratzen hasiak gara. Aupa, Beñat! Aupa, Jokin!