Fernando Morillo: "Liburu adiktiboak sortzea dut helburu, euskaraz ere katigatuta geratzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2013ko eka. 19a, 19:01

Gaur goizean aurkeztu du Donostian Gaumin argitaletxearekin kaleratu duen 'Pasio krimena' eleberri beltza. Argitaletxeak jakinarazi du ostiral honetan, Iñigo Ibarguren azpeitiarraren liburu berria, 'Triangelu irristakorra' izenekoa, aurketuzko dutela Azpeitiko Liburutegian.

'Pasio krimena' izeneko eleberria aurkeztu duzu, hilketa batetik abiatzen den istorioa. Zer da, poliziakoa?

Estruktura aldetik bai, thriller-en egitura du. Baina nire gustuko gauzak sartu dizkiot, hau da, ekaitzak, zientzia, sexua... Hilketa gordin batekin hasten da, bularraldea ireki eta bihotza atera dioten neska baten hilketarekin.  

Eta hiru pertsonaia nagusi ditu, hiru gazte ezta?

Pertsonaia nagusiak 20-25 urte inguruko bi neska eta mutil bat dira, maitale izandakoak. Pasioa sartzen da hor, hiruen artean. Bi neskek mutilarekin nahi dute egon oraindik eta mutilak bietako batekin. Pasioaren gatza eta piperra, mugitu eta biziarazten gaituen odol garbia biltzen ditu. Bestalde dago krimenaren odol iluna eta pasioak berak sor dezakeen gorrotoa.

Eta nola uztartzen da umorea halako gaiekin, zeren umorea ere badagoela adierazi duzu.

Pertsonaietako bat, Ainitze, oso bitxia da. Mundu errealean xelebrekeria asko egiten dituena, bere munduan bizi dena da. Egoera absurdo asko sortuko ditu izateko modu horregatik. Era berean, ordea, zientzialari aparta da. Bien nahasketak, liburuko ari nagusiaren giro ilun horri gauza samurrak eta graziosoak sartzeko bidea eman dit.

Euskal irakurleei liburu adiktiboak eskaintzea dela zure helburua idatzi izan duzu. Hor sartzen al da 'Pasio krimena' ere?

Hau bai behintzat! Nire lanaren parte handi bat ikastetxez ikastetxe liburuez hitz egitera  joatea da eta ikusi dudana da, gazteek euskaraz irakurtzen dutela eskolek derrigortuta. Hortik kanpo gaztelerazko edo frantzesezko liburuak nahiago dituzte. Horregatik dut helburutzat liburu adiktiboak sortzea, euskaraz ere katigatuta geratzeko. Ea lortzen dudan.

Non eta noiz eskuratu ahal izango dugu liburua?

Interneten jadanik badago, gaumin-en orrian zintzilikatuta. Eta ohiko liburu dendatan hurrengo astean egongo dela pentsatzen dut.

Etengabe liburuak argitaratzen dituen idazle bakarrenetakoa izango zara. Etorri handia duzu, ez?

Etorri handiko idazle asko ezagutzen ditut. Nirea obsesioa da. Argitaletxea sortu genuenetik, probak egiteko aukera hadiagoa dut eta bide horrek asko laguntzen dit. Urtean 30 argitaratuko nituzke, baina 4-5ekin konformatzen naiz. Idatzi beharra dut eta arnasa hartzea bezala behar dut. Orain ere, proiektu asko ditut martxan: Euskal Herriko historia eta zientzia gaitzat dituztenak adibidez, eta Pasio krimena liburuko Ainitze pertsonaia protagonista izango dituztenak unibertsoaren sorreraz... Buruan, ez liburu bat, baizik eta bilduma oso bat egiteko adina asmo ditut. Denbora topatu behar dut. Zonbien bigarren liburu bat argitaratuko dut irailean...

Arrakasta itzela izan zuen aurrekoak. Gastatu egin ziren ala?

Ikaragarria izan zen. Ikastetxeetan liburu arina eta graziosoa egiteko eskatzen zidaten eta hortik sortu zen Zonbia San Mamesen. Agortu egin ziren hiru hilabetean edo. Eta baita Abbadiaren sekretua ere, hau sakonagoa edo nire barrutik egindako izan arren. Ikasleei asko gustatu zitzaien zonbiarena eta irakasleei Abaddiarena. Zorte ona izan nuen.

Ostiralean, Iñigo Ibarguren

Etzi, ekainaren 21ean, Iñigo Ibarguren azpeitiarrak Triangelu irristakorra liburua aurkeztuko du Azpeitiko Udal Liburutegian. Gaumin argitaletxearen eskutik argitaratuko du. Aurkezpena, 19:00etan izango da.