Ezinean: "Nekatu egin ginen eta deskantsua hartzea pentsatu genuen. Uzteko asmora ez gara inoiz iritsi"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2013ko mai. 31a, 11:56

Sanjuandegiko festetako kartela irakurtzean jaso genuen ezustekoa. Bazirudien desagertu zirela, utzi zutela, baina ez. Hor egon dira, jarraitu dute isilean, arnasa hartu dute, indarberritu dira eta badatoz. Baina zeintzuk dira Ezineanen asmoak? Zer egin dute azken bost urteetan? Taldearekin egon gara Urrestillako Triku Musika Elkartean.

Derrepente berri on batekin aurkitu gara, oharkabean. Ezinean bueltan da. Zergatik?
Hala dela dirudi, baina guk ez dugu inoiz utzi. Saturatuta geunden. Bigarren diskoa atera genuenean lotura handia somatu genuen, entsegu asko egin behar izaten genituen eta lagunarteko giroa galtzen ari ginela ikusi genuen. Lehenengo diskoa aterata eta bigarrengorako asmoa genuenean saltoa ematea genuen helburu, baina ez zen guk uste genuena edo guk uste bezala atera. Nekatu egin ginen eta deskantsua hartzea pentsatu genuen. Uzteko asmora ez gara inoiz iritsi.

Eta zer egin duzue deskantsu garai horretan?
Entseatzen jarraitu genuen nahi genuenean juntatuta, gaur arte. Guztia birplanteatu genuen eta hasierako laukotea juntatu ginen berriro —Oihan Lizasok, garai batez, kide izateari utzi zion, nahiz eta Ezineanen teknikari gisa ibili zen bitarte horretan—.

Baina berriro diskoa grabatzeko asmotan zabiltzate. Nolatan?
Duela urtebete inguru, kantu asko genituela eta, nahiko modu espontaneoan, grabatzea nahi genuela konturatu ginen. Pixka bat serioago hasi eta Gabonetan grabatzen hasi ginen.

Non grabatu duzue?
Autoekoiztutako lana da, hementxe lokalean grabatu dugu, 3. gelan —hala deitzen diote Urrestilla Triku Musika Elkartean dagoen geletako bati—. Lokala grabazioetarako egokitu genuen, prestaketarako denbora hartuta. Bateria grabatzen hasi eta ondoren pixkanaka beste guztiak... Bakoitzak ahal zuen denbora aterata grabatu dugu.

Ze egoeratan dago diskoa orain?
Masterra eta maketazio faltan. Grabazioa bukatu dugu eta nahasketak ere egin ditugu. Kontua da ez daukagula oso garbi nola argitaratu. Disketxe batzuekin harremanetan gaude, baina ezer garbirik ez daukagu. Bueno bai; oso garbi dugu beste filosofia batekin egin dugula eta ibiliko garela aurrerantzean. Ondo pasatzeko egin nahi ditugu kantuak, obsesionatu gabe, gu betetzeko, kontzertuetan ondo pasatzeko.

Ez al duzue beldurrik jendeak zuengandik espero duenari? Sona handia lortu zenutelarik ezkutatu zineten.
Ez dugu pentsatu horretan eta, egia esan, ez dakigu jendeak zer esperoko duen. Ez dugu publikoarekin pentsatuz grabatu. Modu naturalean egin dugu, hala egin nahi dugu, datorrena datorrela, motibazioaren arabera.

...

Orain, inolako promoziorik ez dugu egin, ez publizitaterik eta Sanjuandegiko festetako kontzertu honen harira leku ezberdinetatik deika ari zaizkigu. Jendea gurekin akordatzen ari da. Ez dakigu horrek zer esan nahiko duen.

Kontzertu asko emateko asmotan zabiltzate?
Momentuz, beste bat emango dugu, Zaldibarren.

Disko berrira itzuliz, izenik badu?
Ez, oraindik ez.

Lehengo estilotik jarraituko duzue?
Lehengo estilotik jarraituko dugu. Lehenengo diskoaren bidetik, freskoagoa eta sinpleagoa izango da, aurrenekoa izan zen bezala; bigarrena teknikoagoa izan zen. 15 kantu izango ditu, genituen 35etik aukeraketa eginda. Freskotasuna eta kontzertuetan ondo pasatzeko aukera ematea izan ditugu aukeratzerakoan irizpide. Baina betiko estiloa da: hardcore melodikoa.

Argitaratzeko datarik ez duzue aurreikusten.
Ahal den azkarren izatea nahi dugu, baina ez dakigu.

Isilune luzea gaur apurtuko duzue, kantu berriak aurkeztuz herritarren aurrean. Urduri?
Bost urte jo gabe gaudela. Orain ez egon arren, egongo gara gero.

Eta herritarren aurrean izatea lehenengo kontzertua denbora luzeko isilunearen ondoren presioa izango al da?
Ez. Urduri egongo gara, baina gure herrian eta lagunartean joko dugu. Anbiente ona egoten da Sanjuandegiko festetan.

Ezinean

Sortze urtea: 2001.
Kideak: Iban Amenabar (ahotsa eta baxua), Oier Ezeiza (gitarra), Oihan Lizaso (gitarra) eta Oihan Amezua (bateria).
Diskoak: Ezinean (2006), Zuretzat (2008) —2004. urtean maketa atera zuten—.
Estiloa: Hardcore melodikoa.
Webgunea: http://www.myspace.com/ezinean.

---

Urrestillako Triku Musika Elkartea. Sorrera: 1987. / Hainbat musika talde biltzen da Urrestillako eskola zaharreko lokaletan. Estilo desberdineko musika jotzen dute. / Liburua: Urrestillako musika taldeak / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak