Oinarri garrantzitsu baten gainean, Azpeitiko kultur mugimendua eraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko abe. 29a, 21:00
(Azpeitiko Kultur Mahaiaren urteko ohiko batzarrera azaldu diren lagunak)

Azpeitiko Kultur Mahaiak gaur egin du urteko ohiko batzarra, Baigera I aretoan. Bilguneak aurten egindakoa, kultur mugimenduari buruzko gogoeta eta Sanagustineko urteko jarduera izan ditugu hizpide. (egin zaitez Kultur Mahaiko bazkide; urtean 10 euro dira, eta hilero zozketak izango dituzu).

KULTUR MAHAIA. 2012-AN EGINDAKOAREN LABURPENA

Azpeitiko kultur bonoa. Martxan da abenduaren 19tik, elkarlanean. Helburuak: kultur ekitaldien kontsumoa sustatu, herriko kontsumoa bultzatu eta herritarrei abantaila ekonomikoak eskaini. Bonoaren berezko balioa 155 eurokoa da; 52 eurotan eskaintzen dugu.

Ekitaldiak. Kultur Mahaiaren zeregina ez da berak ekitaldiak antolatzea, hori taldeen eta beste eragileen egitekoa baita, baina aurten ere prestatu ditu batzuk, elkarlanean:

- Gartxot ekimena (maiatzean). Gartxot filma eta kultur taldeek egindako antzezpena.
- III. Kulturaldia (abenduan). Zazpi ekitaldi. Elkarlanean: Emakumeen Txokoa, Sanagustin kulturgunea, Bertan Merkatarien Elkartea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Arte eta Diseinu Zentroa, eta Khamar Sahararen Aldeko Azpeitiko Taldearekin. Aniztasuna egon da. Jendearen erantzuna ona (mila lagun).
- Soziedadeen arteko II. mus txapelketa (urria-abendua). 130 bikotek hartu dute parte.

Komunikazioa. Kultur Mahaiari buruzko weba sortu genuen ekainean (azpeitikokulturmahaia.com). Aldi berean, kultur albistegia (uztarria.com/kultura) lankidetzan egiten hasi ginen Uztarria-rekin eta Hitza-rekin. Eskuko agenda 2012an ere hilero atera dugu paperean. Sarean ere zabaldu dugu.

401 bazkide Kultur Mahaian. Aurtengo helburua 400 bazkidera heltzea zen, eta une hauetan 401 bazkide gara Kultur Mahaian. 401 horietatik norbanakoak 378 dira, kultur taldeak 22 (herriko denak) eta ohorezko bazkidea 1 (Imanol Elias Odriozola). Urtean 10 eurokoa da kuota, eta bazkideek hilero zozketak izaten dituzte. Bazkidetzeko aukera hemen.

KULTUR MAHAIA. GOGOETA. MARKO OROKORRA

Bide bat egiten segitu. Azpeitian guztion artean kultura aldetik bide bat egiten ari gara. Kultur komunitate garrantzitsu bat osatzen dugu. Denon zeregina da pausoak ematen segitzea, katea ez eteteko, kultur mugimendua aberasten jarraitzeko. Horra begirako gogoeta egin dugu Kultur Mahaian udaratik.

Kultura bizia eta nortasuna. "Guztion erantzukizuna da ondare hau hurrengo belaunaldiei ahalik eta bizien transmititzea. Euskal kulturgintzak, kultur sormen eta kontsumotik haratago, badu eragin sakonago bat; alegia, euskal nortasunaren elikagaia izatea, izateko arrazoiak eta sinboloak elikatzea". (Huhezi fakultatea)

Beste fase bat. Azpeitiko Kultur Mahaiak orain arte oinarri garrantzitsu bat jarri du: barne egituraketa eta ibilbide kolektibo bat, Sanagustin kulturgunea, kultur komunikabideak... Beste fase bati ekingo diogu orain.

Sormena, transmisioa... Oro har, gure lana sormenean, transmisioan, (egutegi...) orekan eta koordinazioan sakontzea edo hobetzea izango da. Giro, barne kohesio edo kontzientziazio hori ez da gauzatuta ikusten egun batetik bestera; bide luzearen ondorioa izan ohi da.

(Uztarria herri aldizkariak 2013ko urtarrileko zenbakian gai honi buruzko bi orrialdeko erreportajea argitaratuko du. Orduan jarriko dugu gogoetako idatzi osoa sarean).

SANAGUSTIN KULTURGUNEA. 2012-N EGINDAKOA. LABURPENA

Egonkortasuna eta proiekzioa. Sanagustin kulturgunea Azpeitiko kultur bilgune erreferentzial bihurtu da, eta oso harrera ona izan du. Euskal Herriko kultur eremuan izen eta proiekzio handia hartzen ari da.

Kultur programazio aberatsa. 146 ekitaldi izan dira aurten, 18.000 lagunetik gora ekitaldietan, 25 ekimenetan bete da Sanagustin, ekitaldi eskaerak handitzen, estreinaldiak...

Harremanak. Asko eta askotarikoak: herriko kultur taldeekin, Azpeitiko beste eragile askorekin, kanpokoekin, administrazio publikoekin...

Komunikazioa. Euskarri propioak sortu eta bultzatu ditugu. Komunikazio zuzena eta Internet.

Ondarea edo patrimonioa. Sanagustin herriko eraikin historiko bat denez, bere ondarea gordetzeko neurri zuzenak hartu ditugu. Horren ondorioz —eta jendeak erakutsitako zibismoagatik—, eraikinak ez du kalterik izan. Gainera, gauza batzuk hobetu egin ditugu.

Hobekuntzak. Dena dela, aurrera begira bada zer hobetu: Udalaren / Kultur Mahaiko taldeen eta Sanagustinen arteko elkarlana eta lotura sakondu-estutu-egonkortu, hobekuntza teknikoak...

---

Kultur Mahaia. Azpeitiko kultur talde guztiek (22ek), udal taldeek, kultur teknikariek, Sanagustin kulturguneko ordezkariek eta bazkide norbanakoek osatzen dute bilgunea.