Sanagustinen azkeneko urtebetean bi egunetik behin izan da ekimen bat

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko uzt. 25a, 20:13

Azpeitiko Kultur Mahaiak duela urtebete hartu zuen kulturgunearen kudeaketa, udal lehiaketa aterata, eta txosten bat osatu du. Ondorio eta datu batzuk: kultur plaza garrantzitsu eta plural bat da Sanagustin. 169 ekitaldi izan dira iazko uztailaren 22tik, 50 eragile pasarekin hartu-emana izan dugu, Euskal Herrian ezagun egin da kulturgunea, jarduera ekonomiko handia eragin du, eraikinaren patrimonioak ez du kalterik izan —babes neurriak hartu izan ditugu—... Hemen txostenaren laburpena.

2010eko abenduan ireki zen Sanagustin kulturgunea, eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak 2011ko uztailaren 22an hartu zuen haren kudeaketa, udal lehiaketa atera ondoren. Sanagustinek harrezkero ostalaritza zerbitzua ere badauka. Beraz, urtebete da Sanagustin Kultur Mahaiak gestionatzen duenetik.

Urtebete honi buruzko dozena bat orrialdeko txostena osatu dugu, gaika, eta Kultur Mahaiak joan den uztailaren 19an egindako taldeen batzarrean azaldu genuen —kideek badute txostena—. Mahaiko bazkideei eta kultur arloko hainbat norbanakori ere helarazi diegu laburpen bat.

Hona hemen Sanagustin osatuari buruzko txosteneko puntu nagusiak:

  • Oro har, urtebete honen balorazioa ona da. Kultur plaza garrantzitsu bat da Sanagustin, eta plurala.
  • Kulturgunean urtebete honetan 169 ekitaldi egin dira. Batez beste, 2,1 egunetik behin ekitaldi bat. Programazioan proiektuko irizpideak betetzen ari gara: ekitaldien ugaritasuna, aniztasuna, oreka (diziplinak, astegunak-asteburuak, herriko taldeak-kanpokoak, adina)… Esperientzia aberasgarria izan da. Kultur dinamikari beste bultzada bat eta kultur ekoizpen berriei bide eman die.
  • Harreman ugari egin dugu urtebetean: 50 eragile pasarekin. Herrikoekin nahiz kanpokoekin.
  • Euskal Herrian kulturgunea ezagun egiten ari da. Ordezkarien bisita asko jaso dugu.
  • Ekonomikoki bideragarri egiteko lanean ere ari gara. Jarduera ekonomiko handia eragiten duen egitasmoa dela frogatu da.
  • Enpresa aldetik egitura osatua dugu.
  • Aurrera begirako hobekuntza batzuk planteatu ditugu: ekipamendu teknikoa hobetu, udalarekin egitarau aldetik elkarlana sakondu, komunikazio arloan beste pauso batzuk eman, plaza biziberritzeko lan egin, gazteak gehiago erakarri...
  • Autokritikoak ere bagara. Urtebete honetan akats batzuk egin ditugu.