Zer egingo dute kulturan?

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko mai. 18a, 12:00

Igande honetako hauteskundeak direla-eta alderdiek eta haien alkate hautagaiek datozen lau urteetarako dituzten egitasmoen berri izaten ari gara azken bi asteotan. Albiste honetan kulturari dagozkionak jaso ditugu, esku programetan eta alkategaiek esandakoetan oinarrituta.

EAJ

"Kulturako jarduera berrietan interlokutore izango gara" (esku programan esana)

"Kultur ekimen eta jarduerak bultzatuko ditugu, Sanagustin eta Soreasuko baliabideak koordinatuz" (esku programan esana).

"Gure alderdiak azpiegitura kontuetan lan asko egin du. Sanagustin bukatuta dago eta Soreasu ia. Gure kezka bakarra da bi eraikinak nola uztartuko diren. Beste alde batetik, Kultur Mahaia dago horiek edukiz bete nahian. Lan ona egin dute, baina gure ikuspegitik, politika kulturala udaletxetik eman behar da. Halako eraikinetaz udaletxea arduratu behar da produkzio kulturala berak garatzeko.

Soreasun lan eta bilera asko egin da hor produkzio kulturala eta euskaraz sortzeko. Gutxi falta da bukatzeko, ea ekainerako zinea botatzeko eta ekitaldi batzuek egiteko moduan den. Udaletxeak izan behar du protagonista Azpeitian gai kulturala eramateko. (Kultur) Mahaiarekin lan egiteko prest gaude, eta horrek izan behar du eduki kulturalak betetzeko bidea, baina ez Kultur Mahaiak bakarrik, zeren eta zer gertatzen da besteren bat etortzen bada Mahaitik ez datorrena? Zeinek esaten du ekimen bat egin bai edo ez?  Ekimen kulturalak subkontratatzearekin ez gaude ados. Ez dugu horretan sinesten" (Jesus Larranaga alkategaiak Uztarriak antolatutako mahai-inguruan esana).

Bildu

"Arloetako parte hartze mahaiak indartuko ditugu, tartean kulturarena" (esku programan esana).

"Sanagustin Kultur Mahaiak kudeatutako kafe antzoki izateko egitasmoa gauzatu eta Soreasu kulturgunearen funtzionamendua eta izaera zahaztuko ditugu" (esku programan esana).

"Sanagustin eta Soreasu bi eredu diferente dira. Gure eredua parte-hartzailea da. Sanagustin sortu da Kultur Mahaiak eta kulturako agente diferenteek eskaera egin dutelako. Behar bat sortu zen, eskatu egin zuten, gestionatu egin da eta Sanagustin sortu da. Aldiz, Soreasu beste proiektu klase bat da. Udaletxeak erabaki zuen, zuzenean, eragileekin hitz egin gabe. Soreasu kostatu dena hobe ez esatea. Aurten 9.000 euro destinatu dira Soreasura. Proiektu faraonikoa da, herriko eragileekin kontatu gabea. Eta orain zer egin Soreasurekin? Soreasu problema bat da, ondo aztertu beharko dena, udaletxeak dituen baliabideeekin. Baina eredu batek sortutakoa da: goitik behera, herritarrekin eta eragileekin kontatu gabe egina. Aldiz, jendearekin kontatzen denean, udaletxeak lidergoa eramanda, beste proiektu batzuk egiten dira. Hori da diferentzia" (Eneko Etxeberria alkategaiak Uztarriak antolatutako mahai-inguruan esana).

 Aralar

 "Aralarrek herriko sortzaileak eta talde eragileak izango ditu kultur erreferente nagusitzat, ikuskizun eskaintza baztertu gabe. Kultura bizipen eta prozesu moduan ulertu behar dugu" (esku programan esana).

"Sanagustin indartu eta bideragarritasuna emango diogu. Soreasu eta Sanagustin eremuei elkarlanerako pausoak eman eta bien sinergiak aprobetxatuko ditugu eta parte hartze aktiboa suspertuko dugu (Kultur Mahaia)" (esku programan esana).

"Kulturak adar asko ditu. Egia da kontinenteari gehiago begiratzen ari garela, kontenidoari baino. Soreasu eta Sanagustin ezberdinak dira. Sanagustinek, adibidez, zinea ikusteko ez ditu baldintzarik egokienak eta Soreasuk izango ditu. Egia da formatu txikiagoko gauzak Sanagustinen egokiago egingo direla. Sinergiak aprobetxatu egin behar dira. Kudeaketaz, guk subkontratatzearen aldeko apustua egin dugu, bai, baina neurri handi batean udaletxetik markatuko dira ekitaldi batzuk eta eguneroko lanean egiten diren ekintzen arabera antolatuko da. Hanka sartzeak egingo dira, baina bi areto ezberdin dira, ekintza ezberdinetarako erabiliko direnak eta konplementatu egin beharko direnak. Koordinatu egin beharko dira udaletxearen eta beste zenbait estamenturen artean" (Juan Karlos Arellano alkategaiak Uztarriak antolatutako mahai-inguruan esana).

PSE-EE

"Gizarte-kohesio eta integraziorako faktore bezala defendatzen dugu kultura. Ezagutzaren ateak ireki behar ditu kulturak, eta pertsonen sormena eta interesa piztu" (esku programan esana).

"Udalaren kultura garatzeko lekuak Udalarenak direnean araugintza bat behar dute. Zer egin behar den leku horietan jakiteko kontsulta egin behar da jendearen artean. Gehiago begiratuko nioke herri barruan egiten den kulturara. Askok beraien kontura egiten dituzte musika... eta Udala hor sartu beharko litzateke, urrutitik, ez arauak jartzeko, baina bai: berme bat emateko, tabernetan-eta aktuazioak egiteko, eta laguntza emateko gazteei eta lokalei. Aukera bat eman behar zaie gazteei libreki eta beraien kontura antolatzen dituzten ekitaldiak aurrera ateratzeko" (Inaki Uribe alkategaiak esana Uztarriak antolatutako mahai-inguruan).

 Hamaikabat

"Sanagustin indartuko dugu erreferentziazko zentru eta herri topagune bezala. Kudeaketa koordinatu Soreasurekin. Kultur programazio berritzailea, eskualde izaerakoa, parte hartzailea eta plurala" (esku programan esana).

"Kultura herriarena da, herritarrek egiten dute. Ez da udaletxearena. Udaletxeak erosi egiten du kultura eta herriari eman. Herritarrak taldeetan antolatzen dira dinamikak sortuz, kultura maila ezberdinetan eta horiek egin behar dutena da, udaletxearen laguntzarekin, ongi antolatu eta herriari erakutsi. Hemen urteetan ezer gabe egon gara eta bat-batean Sanagustin eta Soreasu ditugu. Biak oso ezberdinak. Biak uztartu beharko dira, baina guretzako bereziki erreferentziazko lekua, Azpeitian, Sanagustinek izan behar du. Eta honi taberna jarrita bizia ematea ondo ikusten dugu, udaletxeari ahalik eta gutxien kostatuta, leialtasun guztia erakutsiz udaletxeari eta Kultur Mahaiari, programa kultural parte-hartzaile eta plurala eginez herriarentzako.." (Aitor Arangurenek esana Uztarriak antolatutako mahai-inguruan). 

PP

"Kultur ondare eta ekipamenduen iraunkortasuna bermatuko dugu, ekimen pribatuekin elkarlanean" (esku programan esana).